Dagoeneko erabakita daude Atera! heriarteko bertsolari txapelketako finala jokatuko duten bi taldeak. Asteburuko kanporaketa gainditu eta gero, Urretxu2 taldea izango da Gabiria2 taldeari aurre egingo diona. Asteburuan jokatu dute finalaurrekoen bigarren kanporaketa eta Urretxuko taldea izan zen nagusi, Ormaiztegikoa kanpoan utziz. Finala ostiralean jokatuko da, Zaldibian.
Larunbat gauean jokatu zuten txapelketako final aurrekoen bigarren saioa, Urretxuko Fox tabernan. Bi taldeak indarrean hasi ziren, eta musikaz lagunduta, agur dotoreak osatu zituzten. Urretxu2 taldekoak (Gorka Ojanguren, Belat Torres eta Maialen Akizu) banjo eta guzti etorri ziren; ormaiztegiarrak berriz, karlistaz jantzita eta trikitia lagun zutela. Denek ere “maila gozagarriko bertsoak” kantatu zituzten, antolatzaileen esanetan.
Zortziko nagusian entzuleak harritu zituen Rezustak; Hach Embarek hiru puntuko koplan nabarmendu zen, eta Mantxolak ederki erantzun zion lehen puntuari. Urretxuarrei dagokionean, Torresek ofizio ederra egin zuen zortziko txikian; Akizuk bikain osatu zuen habanera, errimak emanda; eta Ojangurenek ideia zoragarriak neurtu zituen kopletako saioan, Guantanameran.
Finala, ostiralean
Ostiral honetan jokatuko dute Atera txapelketako finala, Zaldibian. Herri antzokian izango da, 23:00etan hasita; ateak, hala ere, 22:30ean zabalduko dituzte, eta Zaldibiako Gazte Asanbladak barra ere jarriko du. Txapelketako irabazlea erabakitzeko, finalera iritsi ez diren 9 taldeetako bakoitzak epaimahaikide bana izendatuko du. Behin finala bukatu eta emaitza jakindakoan, herriko tabernetan jarraituko du festak, trikitilariek lagunduta.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.