
Beasaingo Astigarreta auzoko jaiak ospatuko dituzte igande honetan. Urteroko egitarauari zintzo jarraituz, ez da musika, bertso eta jan-edanik faltako aurten ere. Goizeko 11:00etan hasiko da festa eguna auzoan.
Beasaingo txistulariek kalejira egingo dute auzoaren bueltan, eta mezetarako jendea bilduko dute. 11:30ean hasiko da
meza eta bertan, Beasaingo
San Martin parrokiako koruak abestuko du.
Handik irtendakoan,
salda eta pintxo beroak jan-edan ahal izango dituzte bertaratuek. Hamaiketakoa alaitzen arituko dira
Xabier Zeberio eta Gregorio Larrañaga Mañukorta bertsolariak. Trikitixa doinuak berriz,
Laja II eta Larrañaga trikitilariek eskainiko dituzte, bertaratuak dantzan jartzeko asmoz. 13:00etan aizkolarien saioaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek. Iñaki Azurmendi aizkolari beasaindarra eta Angel Arrospide zumarragarra arituko dira lehian.
Aizkolarien saioa amaitzen deneean, 14:00ak aldera, herri bazkaria egingo dute. Ohi bezala auzko
Astauzel elkartean egingo dute bazkaria. Eta festa, bakoitzak nahi adina luzatuko da. Izan ere, bazkalostean Mañukortak eta Zeberiok bigaren bertso saioa egingo dute bertaratuei adarra joaz, eta Laja II eta Larrañagak ere trikitia jotzen jarraituko du.