Goierriko hainbat herritako 11 taldek eta 33 bertsolarik parte hartu duten Atera txapelketa azkenera iristear da. Ostiralean jokatuko dute finala Gabiri2 (Jokin Murua, Mikel Asurabarrena, Gorka Maiz) eta Urretxu2 (Maialen Akizu, Beñat Torres, Gorka Ojanguren) taldeek. Zaldibiako Herri Antzokian da saioa, 23:00etan hasita. Sarrera doan da, eta atea 22:30ean zabalduko dute. Ez da eserlekurik egongo; entzuleek zutik entzungo dute finala. Zaldibiako Gazte Asanbladak barra zerbitzua jarriko du, gisa horretako lehiaketetan horrenbeste estimatzen den “taberna giroa” sortzeko.
Bi talde finalistak prest daude, gaur Segura Irratiko
Bixi-Bixi irratsaioan kontatu dutenez. Lehiaketaren balorazio oso ona egin du antolakuntzako Aratz Igartzabalek. Uztailean erabaki zuten Ateraren bigarren ekitaldia egitea, 18 urtetik gorako bertsolari gazteentzat “aukerarik” ez dagoela eta arlo horretan Goierrin “saltsa gutxi” dagoela iritzita. Zumarraga-Urretxuko Martxoan Bertsoa dute eredu.
Finaleko saioa Joxi Irastortza zaldibiarrak aurkeztuko du. Epaile, berriz, finalera iritsi ez diren bederatzi taldeetako ordezkari bana izango dira. Denetariko ariketak egin beharko dituzte. Ohi bezala, agurra prestatuta eramango dute bi taldeek, umoretsu eta bizi hasteko.
Aratz Igartzabal (antolakuntza), Jokin Murua eta Gorka Maiz (Gabiri2), eta Lierni Elortza esataria, gaur, Segura Irratiko Bixi-Bixi saioan. Beñat Torres telefonoz aritu da./Aimar Maiz
Urretxu2-ko Beñat Torresek aurreratu du ostiralekoa “final bat” dela, “eta finalak irabazteko daude. Baina ondo pasatzea da helburu nagusia”. Gabiri2-ko Jokin Muruak ere “irabaztera” doazela ziurtatu du. Pertsonalki, denek ere, egindako bertsoaldiarekin harro gelditu nahi dute. “Norbera bere buruarekin gustura gelditu, gozarazi, eta ahal bada egurra eman”, borobildu du Gorka Maizek. Lagunarteko bertsozko dema, beraz, ziurtatuta dago ostiralean Zaldibiako antzokian.