Urrian hasi ziren ETB1-eko A ze banda saioa emititzen. Euskal Herriko ahots banda ezberdinek parte hartu dute bertan, eta saioz saio taldeak kaleratzen joan dira. Goierriko bi taldek, ordea, programan jarraitzen dute oraindik, eta epaileen iritzi oso onak jasotzen ari dira: Lazkaoko The Kites boskotea, eta Ordiziako Twin melody ahizpak. Udan grabatu zituzten saioak, eta abenduko lehenengo astean emango dute finala. Ordiziako Aitana eta Paula Etxeberria ahizpa bikiek osatzen dute Twin melody bikotea. Telebistako programa batean parte hartzen duten lehen aldia da, baina ohituta daude kamera aurrean. Izan ere, sarera igotzen dituzte beren bideoak, eta milaka bisita jaso dituzte. Aitana Etxeberriaren hitzetan, «esperientzia oso ona» izan da A ze banda saiokoa. «Astean behin piano jotzailearekin egotera joaten ginen, eta beste egun batean grabatzera». Epaileek esandakoarekin, berriz, konforme daude Etxeberria ahizpak. «Hobetzeko gomendioak ematen zizkiguten, eta kasu egiten genien». The kites ere, aurrera Lazkaoko The kites boskoteak ere aurrera jarraitu du aste honetako programan, Gose taldearen Lokartu arte abestiarekin. Aizpea Garmendia taldekideak adierazi duenez, A ze banda saiorako elkartu zen taldea. «Aurretik ez genuen elkar asko ezagutzen, eta programak balio izan digu harremana indartzeko». Lazkaoko musika eskolako irakasleen laguntza izan dute programarako entseguak egiteko. «Oso esperientzia ona izan da, eta asko ikasi [...]
Badira hemezortzi urte Erbie Elkartea Gabirian errezil sagar lehiaketa antolatzen hasi zenenetik. Sagar faltagatik urte batzuetan huts egin badu ere, aurtengoan hamahirugarren edizioa egingo dute. Etzi izango da, 10:00etatik aurrera, eta herriko hamahiru ekoizlek parte hartuko dute. Gabino Murua antolatzailearen esanetan, hiru helburu ditu Gabiriako Errezil Sagar lehiaketak: «Errezil sagarra bultzatzea, baserritarrei beren produktuak aurrez aurre saltzeko aukera ematea, eta Gabiriara jendea erakartzea». Lehiaketaren helburua ez da inondik inora ekoizleen arteko lehia sortzea. Horregatik, lehenengo hiruak sarituko dituzte, baina maila berean, ordena esan gabe. Saria ere berdina izango da hiruentzat, eta iazko irabazleek ez dute saririk jasoko. «Ahalik eta ekoizle gehienek ilusioa izatea nahi dugu», esan du Muruak. 13:00etan egingo dute sari banaketa. Muruaren esanetan, Gabiriako mikroklimak ezaugarri bereziak ematen dizkio bertako errezil sagarrari, hala nola, hezetasunak, tenperaturak eta herriaren garaierak. «Adituek, behintzat, hori esaten dute, mikroklima hitza orain asko erabiltzen da-eta». Aurten, hala ere, urte txarra izan da errezil sagarrentzat. Muruaren hitzetan, euri asko izan zen zuhaitzak loratu zirenean, eta, ondorioz, ale gutxi izan dira. «Dena den, horrek badu abantaila bat: aleak handiagoak direla», adierazi du. Irasagar ore lehiaketa Errezil sagar lehiaketaz gain, irasagar ore lehiaketa ere egingo dute etzi Gabirian. Hamabi herritarrek eman dute izena. Bestalde, baserriko produktuen azoka ere [...]
Azaroa hil emankorra du Nekane Munduate Urdangarin Mun artista ataundarrak (Lazkao, 1973). Lizarrustiko parketxean Ilintia erakusketa eduki du. Zeramika lanak dira. Bestetik, Uztaritzeko Ttirritta tabernan ere (Lapurdi), orain arteko ibilbidea laburbiltzen duten lanak ditu. Hilaren 30era arte, biak. Lizarrustiko erakusketan zer motatako lanak bildu dituzu? Zeramikazko lanak dira, muralak eta eskulturak. Eduki dut bolada bat mural zeramikoak egin ditudana. Baina nire ikas prozesua, Arte Ederretan ere, eskulturan izan zen, eta horretan lizentziatu nintzen. Azkenean, bakoitzari barrukoa ateratzen zaigu; eskulturetarako joera gehiago dut muraletakoa baino. Mural zeramikoak sartu ditut, barruko harra zeratzeko. Baina gehienak eskulturak dira. ‘Ilintia’ izendatu duzu, Sarrionandiaren testu batetik hartua. Joseba Sarrionandiaren Munduko zazpi herrialdetako ipuinak liburua irakurri, eta hortxe azaltzen zen hitz hori. Ez nion zentzurik bilatzen, jakin nuen arte zen zen: sua itzalduta dagoenean, brasa horiek itzalduta daudela ematen du, baina oxigeno pixka horrekin berpiztu egiten da. Hori da ilintia. Irudi horrekin jolastu duzu? Bai. Askotan, putzada batek balantzaren alde batera edo bestera ekartzen gaitu. Nire lanetan beti identitatea lantzen dut, eta putzada horrek zer esan handia dauka. Gero, beti erabiltzen ditut sustraiak; emea ere bai, eme naizen aldetik; begiradak, amodioa, desamodioa… Nolabait, herriaren edo identitate kolektiboaren ikuspuntu eta ideia horiek hartzen ditut, putzada horrekin. Euskara [...]
20 urte besterik ez dira igaro argazki hau atera zutenetik, baina ia dena aldatu da Urretxuko aldapan: ezkerraldeko etxeak bota zituzten, autoak ezin dira edozein tokitan utzi… Eraikin zaharrena da bertan jarraitzen duen bakarra: Baroikua edo Areizaga etxea. Felipe Areizaga baroiak eta bere anaia Bernardok eraiki zuten, XVII. mendearen erdi aldera. Familia horren egoitza izan zen Independentzia Gerra arte (1808-1813). Orduan, armada fransesak hartu zuen kuartel eta ospitale modura erabiltzeko. Oso hondatuta gelditu zen. 1960ko hamarkadan etxegile batek erosi eta berreraiki egin zuen. Altuera eta azalera handiagoa eman zion. Egun,aurrealdea besterik ez du jatorrizkoa.
OSAGAIAK: 4 eper 2 kipula Porru 1 2 errezil sagar Azenario 1 Baso 1 ardo txuri 2 z/k (zopa koilarakada) koñak 3 koilarakada sagar ozpin Baratxuri ale 1 Erramu hosto 1 ERREZETA: Eperrak oliotan gorritu ostean, gainerako osagai guztiak botako ditugu kazolara, juliana eran moztuta, eta sueztitu egingo ditugu. Koñaka, ozpina eta ardo txuria gehitu ostean, egosten utziko dugu, su motelean, ordu eta erdi eta bi ordu bitartean. Eperra eginda dagoenean, kazolatik aterako dugu eta barazkiak birrinduko ditugu. Platerean eperra eta saltsa jarriko ditugu. Guarnizio bezala, errezil sagarrarekin egindako purea, bruselaza (egosita), kipulinak modena ozpinetan glasatuta eta onddoz egindako kroketak (arrautz-irinetan, ogi birrinduan eta almendra xerretan batutakoak) jarriko dizkiogu.
Gorakada antzerki taldeak Aladdin haurrentzako lana eskainiko du igandean, 17:00etan, Labeaga aretoan. Antzezlan hori 4 urtetik gorako haurrentzat da. Sarrerak 5 euro balio du. Igandean bertan jarriko dira salgai, 16:00etan.
The post Gorakada taldeak ‘Aladdin’ lana antzeztuko du appeared first on Otamotz.