Goierriko herri arteko II. Atera bertso txapelketan Gabiri2 taldeak hartu dio lekukoa Segurari, duela zazpi urteko txapeldunari. Finala atzo gauean jokatu zen Zaldibiako Herri Antzokian, eta Jokin Murua, Mikel Asurabarrena eta Gorka Maiz gabiriar bertsolariek osatutako hirukoa izendatu zuten garaile. Urretxu2 da txapeldunorde, Maialen Akizu, Beñat Torres eta Gorka Ojanguren bertsolariekin.
Hamaikak jota hasi zen azken Saioa, Joxi Irastortza zaldibiarrak aurkeztuta. Herri antzokia bete egin zen, jendez. “Tabernako giroa” irudikatzeko, Zaldibiako gazteek barra jarri zuten, eta argazkiak itzali zituzten aretoan. Oholtzan, ohiko agur prestatuekin ekin zieten bi taldeek, Urretxukoak hasita. Erronka botaz ekin zioten, otamotzak garaile atera direla orain arte esanez. Gabiriarrek, berriz, txapelketako beste herrietako partaideak, herrietako bertso zaletasuna, lehiaketaren balioa eta esker ematea izan zituzten aipagai, adarjotzea baino gehiago.
Epaile, finalera pasatu ez diren bederatzi taldeetako ordezkari bana aritu ziren. Gabiri2 taldekoei mexikar sonbrero bana jantzi zien Aitor Irastortza bertsolari zaldibiarrak; txapeldunorde urretxuarrei, domina handi bana kolkotik zintzilikatu zien Gemma Urteaga beasaindarrak.
Gabiriako bertsolariak sendo aritu ziren saio osoan, irristadaren bat tarteko. Habanera aurkariak emandako puntuekin osatzea ariketa bikaina suertatu zen, eta oso txalotu zuten entzuleek; zortziko txikian eta handian ofiziotan goitik hasi ziren. Saioan zehar, baxualdiren bat edo beste izan zen arren, orokorrean bertso-mailak goitik eutsi zion. Kartzelako hiru lanetan ere asmatu zuten sei bertsolariek. Ale ederrak utzi zituzten sei bertsolariek, umore kolpe algaratsuekin eta ziztada onekin.
Gabiriako txapeldunek, ostegunetan elkartean bertsotarako biltzen den taldeari eskaini zioten garaipena, bertso lagunak eta Euxebio Igartzabal prestatzailea tarteko.
Bertso maila neurtzeko baino gehiago, Atera-ren filosofía plazaratzeko aukera zela nabarmendu zuten finalistek, bukaeran: bertsotan edozeinek egin dezakeela, lagunarteko taberna giroan. Atera-ren balizko 3. edizioa, beste zazpi urte itxaron aurretik egingo den nahia ere agertu zuten.
Zaldibiako aretoan entzuleak sartzen, saioa hasterako./Aimar Maiz