«Bat-batekotasuna sakrifikatu dugu, nahi dugunaz kantatzeko»
Bi emankizunetarako pentsatu zuten Bi Bala egitasmoa. 2013ko Bertso Egunean asko uste gabe hasi zuen bidea Aitzol Barandiaranek (Ataun, 1986), Iñaki Gurrutxaga oriotarrarekin batera. Lau bala dira orain taldean, eta Wasabi diskoa argitaratu dute.
Bat-bateko bertsogintza «sakrifikatu», eta musikari eman diote indarra. Bi Balaren ikuskizunak beren gustuetara egokitu dituzte, nortasun berezia emanez. Herrika, bertako kontuak, bertso zaharrak edo historiak bilduta, doinu ezagunetara edo beraiek sortutakoetara moldatzen dituzte. Izan ere, bertsolarien emanaldi gisa hasi zena musikak aberastu du. Bi Balaren sorrera Kursaaleko saio batean izan zen, ezta? Iñaki eta biok lehendik Hamaika Bertuterekin bertso saio musikatuetan elkarrekin ibilita geunden. Hortik abisatu ziguten 2013ko Bertso Egunari bukaeratxo bat eman nahi zietela eta. Doinu ezagunak hartu eta bertso molde batzuekin bat egiten zuten bertsioak egitea bururatu zitzaigun. Beatlesen doinuak ziren orduan. Oihartzun handia izan zuen bertso saio hark. Harrigarria da jendea nola gogoratzen den oraindik. 9 minutuko emanalditxoa izan zen. Parrandan edo kalean, «hau Ze krisi?-koa da» edo «Agirretxeren gola» gogorarazten digute. Guk ez genuen inondik inora espero emanaldi hark halako arrakasta izango zuenik. Prestatu ere ez genuen askorik egin. Geroztik, Bi Bala izenpean, herririk herri zabiltzate. Gustura? Harrituta eta gustura gaude jendearengandik izan duen harrerarekin. Hiru lagun hasi ginen, Iñaki eta biok eta Julen Goikoetxea alegiarra bateriarekin. Bergarako gaztetxetik es-katu ziguten Ze krisi?-ren emanaldi bat egingo genuen, Kursaaleko estiloan. Hasieran kalabaza eman genien, ez genuelako ikusten egun bakarrekoa baino ibilbide gehiago izango zuenik. Segi egin zuten eskatzen. Animatu ginen, eta bi emanaldi emateko sortu genuen Bi Bala. Gero, Euskal Herria txikia da, onerako eta txarrerako, eta beste toki batzuetatik hoska hasi ziren. Emanaldian ondo sentitu ginenez, segitzea erabaki genuen, eta gaur arte. Zer lortu nahi izaten duzue? Alde batetik, bat-batekotasuna sakrifikatu dugu. Gure helburua da goazen herrian guk nahi dugunari buruz kantatzea, batez ere herri horri lotutako gauzez. Bertsotan gai jartzailearen gaietara zaude lotuta. Jakinez gero Ataunera goazela, aurrez Atauni buruzko gaiak, bertso zaharrak edo dena delakoa hartu, doinu ezagunekin edo guk sortutakoekin lotu, eta bertsoak musikatzea da lortu nahi duguna. Tokian tokirako mimoz eta zentzu batekin ikuskizun oso bat ematea da xedea. Amurizak bere garaian egiten zuen bezala? Pasadizoak hartu, eta gero kontatu edo kantatu. Ez dut uste guk ezer asmatu dugunik. Ez dut uste, ezta ere, Amuriza gitarra elektrikoarekin ibiliko zenik. Azkenean, orain arte gure eskaintza eskariaren atzetik joan da. Orain, urtebete pasatu den honetan, gure gustuetara egokitu dugu emanaldia. Nahiz eta garbi dugun ezer berezirik ez dugula asmatu, geroz eta gureago egiten ari gara ikuskizuna. Zer zentzutan zeuenganatu? Taldean lau gara, 5. emanalditik aurrera Xabi Etxeberria gehitu zitzaigulako. Bakoitzak funtzio desberdinak dauzkagu. Hasieran, kanta ezagunen bertsioak egitera jotzen genuen gehiago, baina geroz eta gehiago jo dugu gure doinu propioak sortzera. Hain justu, orain lehenbiziko diskoa argitaratu dugu, eta horri eman diogu garrantzia: gure gustuko doinuak sortzeari eta eroso sentitzen garen melodietan mugitzeari. Bi Bala herri askotan izan zarete. Tokian tokiko kontuak aditzea gustatzen zaio jendeari? Bai. Hasieran ez genuen espero bi emanaldi baino gehiago ematerik, eta geroztik halako kadentzia bat sortu bat. Urtebetean 30-35 emanalditik gora egin ditugu. Erritmo fuertea da. Beti-beti agian ez dugu lortuko, baina saiatzen gara tokian tokiko gaiak eta horri buruzko tematikarekin ikuskizuna osatzen. Oraingoz gogotsu gabiltza, baina lan dezente ematen digula onartuta. Taldean beste ataundar bat ere baduzue, lehen aipatu duzun Xabier Etxeberria. Hiru hasi ginen oholtza gainera igotzen, eta besteek esaten zuten taldea herren samar ote zegoen, baxu jotzailerik gabe. Horrela hasi zen Xabi. Oso urrutira ere ez ginen joan. Kuadrillakoa da Xabi, berez gitarra jotzailea baina baxua jotzen ere moldatzen dena. Baietz esan zigun. Egia esan, ez nuen espero, bertsoak gustatzen ez zaizkion pertsona da eta. Ez nuke esango gorrotatzen dituenik, baina… Baina, azken batean, hori ere bada ikuskizun honen beste ezaugarri bat: nahiz eta bertsoak ez gustatu, musikalki erakargarria egin litekeen formatu bat egitea da asmoa. Bertsozaleak direnei musika gustaraztea da erronketako bat; baina, bestea, bertsozale ez direnei ere amu bat botatzea, musikaren bidez. Urte eta erdiko ibilbidearen ondoren, lehenengo diskoa atera duzue: ‘Wasabi’. Kasualitate bat izan da. Emanaldietan ateratako dirua gordetzen ibili ginen, eta ailegatu zen momentu bat horrekin zer egin planteatu behar zena. Nahiz eta hasierako asmoa hori ez izan, inondik inora, zera galdetu genion gure buruari: orain arte sortu ditugun gure kantak grabatuko bagenitu? Horrela, galdezka hasi, eta Zarauzko Fidelenean Mikel Anestesiarengana iritsi ginen. Berak ere gustura ekingo ziola ematen zuen, eta hala grabatu genuen. Aste eta erdi, bi astez han sartu ginen. Emaitzarekin oso gustura gaude, egia esan. Bertso Eguneko lehen aldi hartan galdetzen zenuten ‘Ze krisi?’ hari erantzuna ematen asmatu duzue: ideia garatzen jakin duzue, eta nahiz eta krisian egon, gauzak egin litezkeela erakutsi duzue. Bai. Eta, batez ere, helburu txikietatik hasita pixkanaka handiagoetara joan gara. Bi emanaldi baino gehiago emateko intentziorik ez, eta orain sarri samar jotzen ari gara. Txikitik hasi eta azkenean disko bat ateratzeak ematen duen ilusiora. Krisia bai, baina ideiak eta lantalde polit bat elkartzen direnean, ia edozein gauza egitea da posible.