Mendiak aseta
Zortzimilako baten gailurra zapaltzeko ametsa bete eta egindako lorpenaz gozatzen ari dira oraindik Oier Plazaola, Xabier Urrate eta Pedro Garcia. Cho Oyun bizitako une ahaztezinak oparitu dizkiote alpinistek GoiBerriri. Oroitzapenek, ametsek, beldurrek eta sentimentu ugarik osatutako koktela izan zen gailurrekoa. Irribarreek malkoei irekiko zien bidea; malkoek besarkadei. Urtebeteko entrenamendu zorrotzaren ondoren eta egun luzeak behe kanpamenduetan igoera prestatzen arituta, merezitako saria jaso zuten mendizale goierritarrek. Joan zen urriaren 2an egin zuten Cho Oyuko (8.201m) gailurra Oier Plazaola zumarragarrak, Xabier Urrate urretxuarrak eta Pedro Garcia ordiziarrak. Zortzimilako berean 2004ean bizia galdu zuen Xabier Ormazabal urretxuar alpinistari omenaldia egin zioten tontorrean, «omenaldi xumea baina oso sentitua». Bigarren larrosa bat ere jarri zuten Urrateren iloba Maierrentzat; 21 urterekin gaixotasun larri batek eraman zuen gaztea iaz. Oroimenean gordetzen dituzten bitartean, bizirik iraunarazi nahi izan dituzte. Emozioak bor-borka, baina oinak lurrean, izan zezaketen unerik politenetakoak bizitzeko aukera izan zuten mendizaleek Cho Oyuko gailurrean. Ordu bete baino gutxiago egin zuten bertan, izarretatik gertu, Everest atzean begira zutela. 40 minutuk askorako eman zuten. Urte osoko lana borobildu zuten; hiruek bukatu zuten hasitako bidea. Itzuli zirenetik hilabete pasa denean, zortzimilakoaren abenturak utzitako aho zapore gozoa dastatzen jarraitzen dute Plazaolak, Urratek eta Garciak. Gattikeneko lagunekin, oroitzapenei laguntzeko argazki [...]
Zortzimilako baten gailurra zapaltzeko ametsa bete eta egindako lorpenaz gozatzen ari dira oraindik Oier Plazaola, Xabier Urrate eta Pedro Garcia. Cho Oyun bizitako une ahaztezinak oparitu dizkiote alpinistek GoiBerriri.
Oroitzapenek, ametsek, beldurrek eta sentimentu ugarik osatutako koktela izan zen gailurrekoa. Irribarreek malkoei irekiko zien bidea; malkoek besarkadei. Urtebeteko entrenamendu zorrotzaren ondoren eta egun luzeak behe kanpamenduetan igoera prestatzen arituta, merezitako saria jaso zuten mendizale goierritarrek.
Joan zen urriaren 2an egin zuten Cho Oyuko (8.201m) gailurra Oier Plazaola zumarragarrak, Xabier Urrate urretxuarrak eta Pedro Garcia ordiziarrak. Zortzimilako berean 2004ean bizia galdu zuen Xabier Ormazabal urretxuar alpinistari omenaldia egin zioten tontorrean, «omenaldi xumea baina oso sentitua». Bigarren larrosa bat ere jarri zuten Urrateren iloba Maierrentzat; 21 urterekin gaixotasun larri batek eraman zuen gaztea iaz. Oroimenean gordetzen dituzten bitartean, bizirik iraunarazi nahi izan dituzte.
Emozioak bor-borka, baina oinak lurrean, izan zezaketen unerik politenetakoak bizitzeko aukera izan zuten mendizaleek Cho Oyuko gailurrean. Ordu bete baino gutxiago egin zuten bertan, izarretatik gertu, Everest atzean begira zutela. 40 minutuk askorako eman zuten. Urte osoko lana borobildu zuten; hiruek bukatu zuten hasitako bidea.
Itzuli zirenetik hilabete pasa denean, zortzimilakoaren abenturak utzitako aho zapore gozoa dastatzen jarraitzen dute Plazaolak, Urratek eta Garciak. Gattikeneko lagunekin, oroitzapenei laguntzeko argazki eta bideo irudiekin osatutako ikusentzunezkoa aurkeztuko dute egunotan Beasaingo eta Ormaiztegiko mendi asteetan. Munduko gailurrean bizitakoak lehen eskutik ezagutzeko hitzordua egin zuen GoiBerrik hiru mendizaleekin.
Xabier Urratek Pirinioetan, Alpeetan eta Andeetan esperientzia duen arren, lehen aldia zuen zortzimilako bati aurre egiten ziola. Oier Plazaola lagunarekin abiatu zuen abentura; Gasherbrum II-an izan zen 2008an zumarragarra eta itzultzeko gogoz zegoen: «Lehen aldi hartan amesgaiztoak ere izan nituen, oraingoan lasaiago joan naiz».
«Teknikoki mendi zaila ez izan arren altuera
handia du, eta altuerak dena korapilatzen du»
Xabier Urrate«Horrelako istorio batean sartuta serio hartu
dugu, ondo prestatuta joan gara»
Oier Plazaola«Momentu batez buelta hartzekotan egon
nintzen, baina ez nuen uste ezer izango zenik»
Pedro Garcia
Begiak Cho Oyun jarrita zituztela batu zitzaien espediziora Pedro Garcia. Sisha Pangma, Cho Oyu, Gasherbrum II, Broad Peak, Everest… ordiziarrak seigarren zortzimilakoa izan du azken hau; beste hirutan ere izana da, horietan tontorra egitea lortu ez duen arren. Espedizio honen alderik txarrenetakoa eraman du berak, oineko behatzetan izozteak izan dituelako.
Urratek lehen aldia izanda «teknikoki horren zaila ez delako» aukeratu zuten Cho Oyu; Himalaian estreinatzeko mendiaren fama du. Hala ere, zortzimilako errezik ez dagoela ziurtatu dute hiru alpinistek: «Teknikoki horren konplikatua ez izan arren, altuera handia du; altuerak dena zailtzen du, dena korapilatzen du», dio Plazaolak. Zazpimila edo zortzimila metrotan egote hutsa oso gogorra dela dio Garciak: «Horri, hotza, nekea, eraman beharreko pixua eta oxigeno falta gehitu behar zaizkio. Hainbat metro aurreratzea ordutako lana bihur daiteke».
Indarrez puntu puntuan
Gisako abentura batek eskatzen duen tamainako entrenamentua egin zuten joaterako. Profesional baten eskuetan jarri eta egutegi zehatza jarraitu zuten iazko urritik hasi eta hegazkina hartu bezperaraino. Plazaolak dio hasieratik argi zutela gisa horretako proiektu batean sartuta ondo entrenatuta joango zirela; eta ez dira damutu. Zorrotz jarraitu zuten jarritako entrenamendua eta emaitza onak izan dituzte. Egoera fisiko onean ikusi dute euren burua. Mendia igoz gozatzeko gakoa hortxe dago, Urrateren ustez, fisikoz ondo egotean. Edozein arazo txikik izugarrizko dimentsioa hartzen du altueran.
Teknologien laguntza
Ezustekoak ekidin asmoz eta urduritasunak lasaitzeko edo, igoeran eman beharreko pausuak ondo aztertuta eraman zituzten. Aurrez izandako espedizioen bideak, denborak eta betetako epeak, esate baterako. Plazaolak Google earth aplikazioa erabiliz behin baino gehiagotan errepasatu zuen igoerako bidea etxean. Ezustekoa eraman zuen behe kanpalekura iritsi eta mendia aurrez aurre ikusi zuenean. Ordenagailuko pantailan baino tenteagoa zen, aldapatsuagoa.
Teknologia berriei esker eguraldiaren iragarpen zehatzak izateak ere abantailak ekarri ditu alpinismora. Lehen hiruzpalau egunez egon behar izaten zuten goiko kanpalekuetan tarte ona ireki eta tontorrera joateko. Orain, satelite bidez jasotzen dituzten iragarpen zehatzei esker oinarrizko kanpalekuan egoten dira egun egokien zain.
Lehen bi asteak altuerara egokitu eta kanpalekuak prestatzen eman zituzten. Hirugarren kanpalekuan 7.200 metrotan gaua pasa eta berriro jaitsi ziren behera. Oinarrizko kanpalekuan MeteoSuiza atarira sarrera zuten mendizale alemaniarren bidez bazekiten eguraldi tarte ona noiz zabalduko zen. Hiru egunean atseden hartu eta aukera iritsi zenean ekin zioten tontorreko bideari.
Ondoriorik larrienak
Nekea, hidratazio eskasia, oxigeno falta nahiz hotza bestelako arazo bihurtzen dira altueran. Arreta berezia jarri behar izaten dute xehetasunik txikiena arazo potolo bihur ez dadin. Oinetan masajeak eman, behatzak mugitu, galtzerdi eta kamiseta lehorrak jantzi. Tontorra egin zutenean, esate baterako, erropa lehorrak hermetikoki itxitako poltsa batean eraman zituzten. «Izardia bera ere tranpa bihur liteke, arriskutsua da bustita egotea», dio Plazaolak.
Zortzimilakoetan aritzeak berarekin dakartzan ondorioak guztiz ekiditea ez da beti posible. Plazaolak eta Garciak izozteak izan zituzten oineko behatzetan. Etxean sendaketak eginda errekuperatzen ari da zumarragarra; Garciak ez du horrenbesteko zorterik izan. Oineko hamar behatzak izoztu zitzaizkion, eta bi behatz-hezur moztu egingo dizkiote hilaren amaieran Zaragozako erietxean. Izozteak zeren ondorio izango ziren ziur ez badaki ere, erabilitako oinetakoetan du susmoa, behar baino estuago zituelako.
Azken kanpelekutik tontorrera bideari ekin orduko ohartu zen behatzak ez zituela nabaritzen. 2010ean Everestetik bueltan eskuko bi behatz-hezur galdu zituen; bazekien zer zen izozteen mina. «Momentu batez buelta hartzekotan egon nintzen; baina gora egitea erabaki nuen. Nik beti izaten ditut mendian oinak hotzak eta ez nuen uste ezer izango zenik», dio.
Jakitun dira gisa horretako arriskuak hartzeak merezi oten duen zalantzan jarriko dela maiz. Baina, zortzimilako batera joatea erabakitzen duten unetik barneratuta dute mendiak ukituta utziko dituela. Mendiaren arra dute sabelean eta gustuko duten hori egiteak asetzen ditu.