Duintasunaren eta eskubideen aldarrikapena oinarri, ekitaldia egin zuen Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldeak Burgosen; bertan fusilatu zuten Benito Garcia 1936ean.
Ordiziako bizilagun baten salaketa jasota falangistek eraman eta fusilatu egin zuten Burgosen
Benito Garcia Gonzalez. 1936ko uztailaren 30ean izan zen. Lehenago Ordizian bizi izan zen denboraldi batez Garcia Gonzalez, baina CAFetik kanporatu zutenean, Haza herrira itzuli zen. Agustin Garcia semea aita eraman zuteneko momentuaren lekuko izan zen. Gertakariaren ondoren, Ordiziara itzuli zen familia eta bertan bizi dira gaur egun.
Azaroaren 8an Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzeko taldeak antolatuta ekitaldia egin zuten Haza herrian, Burgosen. Benito Garciari familiak lur ematea lortu bazuen ere, ez zieten utzi inolako gurutze edo hilarririk jartzen. Hutsune hori betez, Asier Mendizabal eskultore ordiziarrak egindako
oroigarri bat jarri zuten.
Oroigarri horrek badu beste pieza bat, abenduan Ordizian jarriko dutena. «Izan ere, ezinbesteko ikusi da hemengoa eta hangoa elkarlotzea, hainbat ordiziar Ordiziatik kanpo fusilatu zituztelako, askok herritik kanpora joan behar izan zutelako, Ordizian faxismoaren aurka borrokatu zuten askoren familien jatorria kanpoko herrietan dagoelako… Eta batez ere, duintasunaren eta eskubideen aldarrikapena han eta hemen egin behar delako, unbiertsala delako», diote Ordiziako taldeko kideek.
Benito Garciarekin egindako bidegabekeria aitortzearekin batera, 36ko gerraren eta frankismoaren ondorioak jasan izan zituzten guztien
mina ere leundu nahi izan zuten. Hala, ekitaldi xume eta intimoan gerraren alderik latzenak sufritu zituzten hainbat ordiziar izan ziren; baita gerran fusilatu zituztenen, gudari izan zirenen eta errepresaliatuen hainbat senide ere. Sustatzaileez gain, ekitaldian izan ziren euren babesa agertu nahi izan zuten Ordiziako Udaleko ordezkariak, tartean zen Igor Eguren alkatea, eta Burgosen oroimena berreskuartzen lanean dabiltzan hainbat kide ere.
Ekitaldi gehiago. Oroitzapenak historiaren parte izanda, eta gogoratzen ez dena ahazturan erori eta galdu egiten delako ekin zioten Ordizian memoria historikoa berreskuratzeari. Herrian egiten ari diren lanen baitako ekitaldia izan zen Burgosen egindakoa.
Egia, justizia eta aitortzaren printzipioak jarraituz Ordizian jasotako testigantza eta dokumentuak jasoko dituen liburu bat eta ikusentzunezko bat argitaratuko dituzte abenduan. Mendizabalen oroigarria jarriko duten ekitaldi publiko bat ere prestatzen ari dira.