Ataun San Martinen haurren jolas gela egokitzen aurki hasiko da udala
2015aren hasieran prest edukitzea da asmoa
Graziñaberri etxeen behealdean udalaren jabetzakoa den lokal huts bat 0-12 urte arteko haurrek erabiltzeko prestatuko du Ataungo Udalak. Obrak aurki hasiko dira, aurretik egin beharreko neurketak eta barne-banaketaren marrazketak eginda. Guztira 88.000 euro inguru kostatuko da, BEZa barne. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Itten enpresak finantzatuko du herena, 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan azpiegiturak garatzeko programatik.
Lanen iraupena bi hilabete eta erdikoa da. Datorren urteko otsail alderako prest eduki nahi dute.
Kostuak udalak hartuko ditu bere gain, eta aretoaren kudeaketaz gurasoak eurak arduratuko dira. Gaztelekuko hezitzaileak dinamika bat diseinatuko du, irizpide batzuk emanda. 12 urte arteko umeentzat izango da zerbitzua, 0-4 eta 5-12 tarteak bereizita.