Iñaki Dubreuil izango da PSE-ren hautagaia Ordiziako alkatetzarako
2015eko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetara begira, Iñaki Dubreuil aurkeztu du PSEk Ordiziako alkatetzarako hautagai. Urteak daramatza Dubreuilek zinegotzi lanetan eta “herritarrekin duen konpromisoa” berritzera datorrela azaldu du.
“Erronka zailei ilusioz aurre egiteko moduan” izango direla ziurtatu du alkategaiak gaztelera hutsez egin duen hitzaldian: “Garai zailak dira eta etorkizunak ez du ezer honik hitz ematen. Umiltasunez, gure akatsak eta ardura onartu ditugu. Hala ere, argitu nahi dut zuzentzeko prest gaudela eta gainditzeko erabakia dugula”. Hautagaitzak oinarrian ordiziarrekiko eta oinarri ideologikoekiko konpromezua duela esan du Dubreuilek. Aurrerago, datozen hilabeteetan aurkeztuko dute hautagaitza zerrenda osoa eta aurkeztuko dute programa.
Itxasoren babesean. Gaur goizean egin dute aurkezpen ekitaldia Ordiziako Barrena kultur etxean. Gipuzkoako Aldundirako hautagai Denis Itxaso izan du alboan Dubreuilek babesa eskaintzeko. Ordiziako hautagaia Gipuzkoako PSEren isla dela azaldu du Itxasok, “jarraitu beharreko eredua”. Orain arte udalean egindako lana goraipatu zuen Itxasok eta aurrean izan dituen “arazo larrien” artean zabor kudeaketa berria aipatu du.