Jon Gonzalez eta ‘Enuk’, argazkiaren erdian
Txakurkroseko denboraldia goren mailan hasi du Jon Gonzalez korrikalari lazkaotarrak, Enuk txakurrarekin. Euskadiko txapelketa irabazi du, asteburuan, Bergaran. Neguko kirola izaki, orain dela aste gutxi hasi ziren.
Gorla mendian jokatu da Euskadiko txapelketa, bi jardunaldirekin. Larunbatean 5 kilometroko ibilbidea zuten, eta igandean 7,5ekoa. Txakurkrosa korrika proba da, eta txakurra korrikalariaren gerrira lotuta joaten da.
Gonzalez senior mailan nagusitu da. Bigarren Iker Vicente ibartarra da, eta hirugarren beste goierritar batek egin du: Iraitz Iparragirre idiazabaldarrak.
Euskadiko txapelketarako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako federatuak bakarrik hartu dituzte kontuan. Gorlako proban, ordea, Nafarroan federatutakoak izan ziren onenak: Joxe Felipe Larrazabal eta Mikel Etxeberria. Horiek ez dute puntuatu txapelketarako; «pena da nafarrak ez sartzea Euskadikoan», deitoratu du Jon Gonzalezek.
Norvegiako txakurrarekin
Korrikalariaren sasoiaz gain, txakurkrosean ezinbestekoa da aberea ere ona izatea. Gonzalezen kasuan, bi arloek bat egiten dute. «Zaila da biak bat etortzea. Nik prestatu behar dut fisikoki, batetik; eta, gero, txakurra puntuan jarri behar da», dio Gonzalezek. Zeregin «lantsua» da hori.
Enuk Norvegiatik ekarri zuen, iaz, korrikalari lazkaotarrak. Urte eta erdi du. «Oso txakur ona da, oraindik egiteko dagoen arren. Norvegian korrikarako txakurren tradizio handia dago. Braco eta pointer arrazak nahasten dituzte», dio Gonzalezek.
Euskadiko txapeldun atera aurretik, Europako bi txapelketetako batean —bi federazio daude— parte hartu du lazkaotarrak, Enuk-ekin. Urrian Toulon-sur-Arroux herrian (Frantzia) izan zen, txakurkros eta bizikleta proba konbinatuan. Hamabigarren egin zuten.
Aurrerantzean, beste hainbat probatan parte hartzeko asmoa du Gonzalezek. Europako beste txapelketan ez da izango, azaroan. Estatu mailan lehiatuko da, horren partez.
Asteburu honetan Espainiako Kopako proba batean ariko da, Madrilen. Abenduaren erdian, berriz, Espainiako Txapelketa jokatuko du. Burgosen (Espainia) beste proba bat ere irabazi du Gonzalezek, orain bi aste.