Nafarroako Gobernuarekin bildu nahi du Autopista Elektrikorik Ez plataformak
Lurdes Goikoetxea ekonomia sailburuarekin biltzeko eskaera egin dute, Espainiako Gobernuaren 2015-2020 Energia Plangintzaz hitz egiteko
Iruñean egin du agerraldia Itsaso-Deikaztelu goi tentsioko linearen aurkako plataformak, eta Nafarroako Gobernuko ekonomia sailburuarekin biltzeko eskaera egin dute, Lurdes Goikoetxearekin. Goi tentsioko linearen proiektua Espainiako Gobernuaren 2015-2020 Energia Plangintzan ez sartzeko eskatu nahi diote Goikoetxeari.
Duela urtebete proiektua bertan behera uzteko mozioak onartu zituzten 220 udalek, baina Alberto Frias plataformako bozeramailearen esanetan, oraindik ez dute erantzunik jaso Nafarroako Gobernutik.
Joan den urriaren 25ean Donostian egin zuen elkarretaratzea goi tentsioko linearen aurkako plataformak, eta han aurkeztu zuten Herrien borondatea errespetatzen duen irtenbide baten aldeko adierazpena. Dagoeneko 247 hautetsik eta 247 elkartek sinatu dute manifestu hori. Hortaz, proiektua gelditzeko eskumen zuzenik izan ez arren, Itsaso-Deikaztelu linea plan elektrikoan ez sartzeko eskaera egin diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.













