Rafaeleneko Prontxik ehun urte
Ataungo Prudentzia Zubia Barandiaranek mendea bete du. Erizain lana egina da Bartzelonan, Madrilen eta Donostian. Rafaeleneko beheko suaren bakean gogoratu ditu bizitzako aldaketak.Beheko suaren epelean, apain-apain jantzita eta buru argiz egin die har...
Ataungo Prudentzia Zubia Barandiaranek mendea bete du. Erizain lana egina da Bartzelonan, Madrilen eta Donostian. Rafaeleneko beheko suaren bakean gogoratu ditu bizitzako aldaketak.
Beheko suaren epelean, apain-apain jantzita eta buru argiz egin die harrera Prontxik bisitan joan zaizkionei, Ataungo Rafaelene tabernako sukaldean, Arrondo auzoan. Ehun urte aurreko asteazkenean bete zituen, azaroaren 12an.Rafaeleneren parean dagoen Lizamuntegin jaio zen Prudentzia Zubia Barandiaran, 1914ko San Martin bigarrenean. Hiru ahizpa izan ziren: Pilar, Maria eta bera. «Aita Rafael Zubia nuen, eta ama Felipa Barandiaran. Biak Ataungoak. Bakarrik gelditu naiz», dio. Ilobarekin eta haren emaztearekin bizi da orain, azkeneko 16 urteetan.
Wikipediaren arabera, Prontxi jaio baino hiru egun lehenago egin zuten munduko lehenengo odol transfusioa, Buenos Aireseko (Argentina) Rawson erietxean. Hain zuzen, berak bere bizitzan zehar egin beharko zituen gero, erizain lan egin baitzuen.
Bartzelonan ikasi zuen erizaintza ogibidea, Sant Ricart klinikan. «Hango zuzendaria ezagutu nuen Donostian, eta haren bidez joan nintzen. Gazterik alde egin nuen. Urte askoan bizi izan nintzen Bartzelonan. Katalanez ere dena nekien, baina ahaztu egin zait orain. Gustura bizi nintzen. Jende langilea da katalana. Baita euskaldunak ere», kontatu du Zubiak.
Botikariarekin Madrilera
1936ko gerrak Bartzelonan harrapatu zuen. Zauritutako soldaduak sendatzea tokatu zitzaion. Cerdanyolan ere bizi izan zen.
Bartzelonatik etxera etorri zen. Ez geratzeko, ordea. Ia «edadetuta», Ataungo botikariarekin ezkondu zen, eta Madrilera joan ziren bizi izatera. Hamar-bat urte egin zituen hiri hartan, alargundu eta Donostiara etorri zen arte. Tuberkulosia zutenen San Antonio klinikan jarraitu zuen gero, erizain lanean.
Hirietako bizimodua gustatzen zitzaiola dio Zubiak. Ataunen, «aburritu» egiten omen da. «Bai, baina Donostiara eramaten dudanean-eta, ‘goazen hemendik, moteil!’ berehala esaten dit», zuzendu dio Rafael ilobak.
Festa giroan ospatu dute
Katalana ahaztu zitzaion; ez hala euskara. Senideetatik bakarrik geratu da, baina etxekoek eta auzokoek goxo daukate, zelebrekeriaren bat esan eta irribarrea ateraraziz. Mundualdi luze horretan gauza «asko» ikusi ditu Prontxik. «Txarrak gehiago; onak, gutxi» dio. Ataun ere «ezin sinisteko moduan» aldatu da, bere haurtzarotik.
Hala eta guztiz, gogaituta egoteko arrazoirik ez da. Asteazkenean ehun urte bete, eta larunbat arratsaldean festa egin zioten Rafaelenen. Udalekoen bisita hartu, herritarren zorionak entzun, askaria atera… Ehun kandelak egin diote argi.