Urretxuko Udalak Sarralde enpresako gune bat txukundu eta herritarrek erabiltzeko prestatu du. Larunbatean, han bertan, zertarako erabili eztabaidatuko dute. Irimo Talde Motorrak herritar guztiak berritutako gunea ezagutzera eta euren proposamenak
Urretxuko Udalak Sarralde enpresako gune bat txukundu eta herritarrek erabiltzeko prestatu du. Larunbatean, han bertan, zertarako erabili eztabaidatuko dute. Irimo Talde Motorrak herritar guztiak berritutako gunea ezagutzera eta euren proposamenak aurkeztera animatu ditu. Gainera, hilaren 27an Iñaki Antiguedadek hitzaldia egingo du eta hilaren 28an eta 29an auzolan saioa egingo dute.
Irimoko guneari zer erabilpen eman erabakitzeko parte hartze prozesua jarri zuen martxan Urretxuko Udalak, eta Talde Motorra eratu zuen egitasmo hau bultzatzeko.
Oraingoan, talde honetako kideek Sarralden egokitu den gunea ezagutzera eman eta 2015ean guneari emango zaion erabilpena zehaztuko dute.
Parte hartzaileei 09:15ean egingo diete harrera, Sarraldeko laborategian. Ondoren, prozesua aurkeztuko dute. 10:00etan, berriz, antzeko hainbat esperientzia azalduko dituzte.
Hasteko, LaCol arkitekto kooperatibako Pol Massonik eta La Ciutat Invisible autokudeaketa kooperatibako Marc Dalmauk Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Cant Batlló prozesuaz hitz egingo dute. Cant Batlló gune industrial bat da eta bizilagunak auzoarentzako berreskuratzen ari dira.
Ondoren, Eze Collantes EHUko Arkitektura irakasleak Berreibar prozesuari buruz hitz egingo du. Egitasmo hau M-etxea kolektiboak, monoDestudiok eta Eibarko Udalak jarri dute abian. Helburua, Eibarko eraikin industrial hutsak berrerabiltzea da. Herritarren beharrak aseko dituzten espazio berriak sortu nahi dituzte (tailerrak, bulegoak…), beti ere Eibarrek duen ondasun industriala errespetatuz.
Parte hartzaileek geldialditxo bat egingo dute 11:30ean kafea hartzeko. 12:00etatik aurrera, berriz, taldeka lan egingo dute 2015eko ekintza plana zehazteko. 13:30ean ondorioak aterako dituzte eta 14:00etan mokadutxoa egingo dute.
Irimoko Talde Motorrak herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu. Parte hartu nahi dutenek, irimoph@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali behar dute edo Urretxuko Udalaren 943 03 80 80 telefono zenbakira deitu izena emateko.
Lurzoruen garrantzia
Hilaren 27an Iñaki Antiguedadek Lurzoruen garrantzia Euskal Herrian hitzaldia egingo du. 19:00etan izango da, Sarraldeko laborategian. Lurzorua zaintzearen garrantziaz hitz egingo du eta Sarraldekoa bezalako lurzoru kutsatuak garbitzeko eman beharreko pausoak azalduko ditu.
Egitasmoarekin bukatzeko, 28an eta 29an auzolan saioak egingo dituzte. Herritarrek sarrera eta laborategia erakargarri jarri eta oinarrizko azpiegiturekin jantziko dituzte.
The post
Sarralderen erabilerari buruz eztabaidatuko dute larunbatean Urretxun appeared first on
Otamotz.