Beasaingo Herri Plan Orokorra egiteko, 'Gaur Biharko' parte hartze prozesua egingo dute
Haurrekin, gazteekin eta elkarteekin bilduko dira abendura arte, eta urtarrilean eta otsailean herritarrekin bilduko dira
Herri Plan Orokorra egiten hasteko, Beasainen zer, nola eta non egin daitekeen finkatuko dute parte hartze prozesu honen bidez eta honek, herria nolakoa izango den eta herritarrak nola biziko diren baldintzatuko du. Nolako gizartea nahi duten, nolako ekonomia, zer babestu eta zer ustiatu nahi duten… azken finean, Beasainen bizitza modu anitza nola bermatu eta zein elkarbizitza mota izan behar duten erabaki behar dute prozesu honen bidez.
Horretarako egungo herriko diagnostikoa egingo dute. Herriko Plan Orokorra 2015ean berritzea egokitzen da eta aurretik diagnostikoa egitea ezinbestekoa ikusten du Udal Gobernuak, nahiz eta hau legez derrigorrezkoa ez izan. Gaur Biharko parte hartze prozesua herritar guztien artean osatutako prozesua izango da.
Prozesuan herri osoa inplikatu nahi dute:
-
Udaleko teknikari eta langileak: dagoeneko aurkeztu diete prozesua eta beraiek informazio desberdina emateko ardura izango dute.
Herriko elkarteak: Beasainen egiten duten lana kontutan izanik, elkarteei parte hartzeko gonbidapena luzatzen diete. Elkarteek ezagutzen dute inork baino hobeto beraien arloko errealitatea eta ezagutza eta ekarpen horiek ezinbestekoak izango dira udalarentzat.
-
Herriko foroak eta mahaiak: agenda 21eko foroa, kultur mahaia, berdintasun foroa eta euskararen aholku batzordearekin egingo dituzte bilerak.
-
Haur eta gazteak: 8 eta 17 urte bitartekoek hartuko dute parte eta herriko ikastetxe guztien bidez burutuko da lanketa; hala ere, modu zuzenean hartuko dute parte ikasleek.
-
Herritarrak: bilera ireki ezberdinak egingo dituzte, bai auzoka baita gaika ere. Talde bakoitzarekin bina bilera egingo dituzte, herritarrek hausnarketa egin eta beraien ekarpenak egin ditzaten.
Plan Orokorraren gauzatzearekin herritarren bizi ereduan eragin zuzena duten erabaki asko hartzen dira eta horregatik ezinbestekoa iruditu zaio udalari lan hau herritarrekin batera, elkarlanean, egitea. Plan Orokorra behin betiko onartzeko 2-3 urte beharko dira eta hainbat fase igaro beharko dira. Hasieran diagnostikoa egin behar da, eta bertan ondorengoen oinarriak jarri behar dira. Horretarako osatu duten lantalde teknikoaren zereginak bi izango dira, nagusiki: batetik, nola ez, diagnostiko teknikoa egitea; bestetik, herritarrekin eta eragileekin batera egin nahi den parte-hartze prozesua laguntzea eta elikatzea. Azken diagnosiak bi adar horiek bateratu beharko ditu, teknikoa eta herritarra.
Lantaldea osatzen duten teknikariak honakoak dira:
-
Sergio Gallego, Ambientalia21 ingurumen aholkularitzako teknikaria, ingurumen arloko azterketaz arduratuko da;
-
Artizar Erauskin, ekonomian doktorea eta EHU-UPVko irakaslea, sozio-ekonomia arloko azterketaz arduratuko da;
-
Koldo Telleria, arkitektoa eta EHU-UPVko irakaslea, hirigintza arloko azterketaz arduratuko da;
-
Hektor Espin, Beasaingo Udaleko arkitektoa, lantaldea koordinatzeaz arduratuko da.
Subjektu desberdinak inplikatuko dituzte prozesu honetan eta bakoitzarekin lanketa desberdin bat egingo dute. Bilerak dinamikoak eta eraikitzaileak izango dira eta informazioa modu sinplean emango zaie parte hartzaile guztiei. Horregatik, “edozein pertsonak, mugarik gabe”, parte hartuko duela, eta bere ikuspegia eman ahal izango duela adierazi dute udaletik. Beste gauza batzuen artean, herritarrek nahi duten hizkuntza erabili ahal izango dute (horretarako dokumentazioa elebidun izango dute eta aldi bereko itzulpen zerbitzua erabiliko da). Prozesuaren egutegia ondorengoa izango da:
Abendura bitarte haur eta gazteen eta elkarteen txanda izango da eta bakoitzarekin ondorengo lanketa burutuko dute:
Elkarteak: bilera desberdinak egingo dituzte herriko elkarteekin. Abenduaren 2, 4, 5 eta 10ean izango dira bilerak eta elkarte bakoitzak hoberen datorkion eguna aukeratu beharko du. Bilera hauek udaletxeko batzar aretoan egingo dituzte, arratsaldeko 18:30ean.
Haur eta gazteak:
Ikastetxeen bitartez egingo dute lanketa hau.
Ikastetxe bakoitzean 2 orduko saioak egingo dituzte gaia lantzeko.
LH 3, 4 eta 6. mailako ikasleek parte hartuko dute, DBHko maila guztietako ikasleek, eta batxilergoko lehen mailako ikasleek.
Urtarrila eta otsailean herritarrekin egingo dituzte bilera desberdinak.
Alde batetik auzoka: landa eremua, Igartza, Ezkiaga eta erdigunea.
Beste alde batetik gaika: ingurumena eta lurralde ikuspegia, espazio publikoa eta mugikortasuna, ekipamenduak eta zerbitzuak, garapen ekonomikoa, eta etxebizitza.