Udazkeneko bertako fruituen eskaintza osatzeko, lehen kakiak ere salgai dira; baita baba txikia ere, askorentzat ezezaguna, besteentzat estimu handikoa.
Ane Otegi sukaldaria, Joxe Antonio Aizpururen postuan. Argazkia: D’elikatuz
Aspalditxo ekarri zituzten feriara aurreneko errezil sagarrak, arbolatik eroriak edota harrak joak; laister jan behar direnak, alegia. Orain, ia onenak ere salgai jarri dituzte. Denetik ikusten da; prezioa, kalitate eta neurriaren araberakoa: ale txiki txikiak, kiloko 50 zentimoan; «sagardoa egiteko erabiltzen dira horiek» aipatzen zigun Gabiriako Oñatibia Txikiko Mirenek. Alerik ederrenak berriz, kiloko 5 euroan zituen Lasak.
Aurten nolako urtea joan den galdezka hasita, denetik entzun dugu ekoizleen artean: «duela bi urteko erdia» izan dela zioten batzuek, «oso urte ona» izan dela besteek.
Sagar mota honen izenari buruz ere bada bitxikeriarik. Izan ere, hemen hain arrunta den errezil deitura horri, ‘Ibarbi’ deitzen diote Errezil herrian, hango auzo baten izena hartua baitu sagar mota honek. Eta Errezilgo Jose Antonio Aizpuruk esan digunez «Zarautzen errege sagarra esaten diote, gainkaldean duen koroe edota harresi pinportadun horregatik». Hori eta txurten motza dira omen dira sagar honen ezaugarriak. «Toki egokian jasoz gero, asko irauten duen negu sagarra da hau. Oraindik konpotan edota erreta jateko hobea dago, geroxeago gordina».
Bestalde, Aramako ostatuko Ane Otegi izan zen atzo sagar errezila hartu eta plazako sukaldean aritu zena.
Gainontzeko fruituei begira jarrita, lehendabiziko kakiak ikusi genituen, Aramatik ekarriak. Patxi Arizmendiren esanetan, «hemen ez da hain ezaguna eta ez dute estimazio handirik izaten, baina nik arbola hau etxean betitik ezagutu dut». Mizpira mota bat dela esan daiteke, «japoniar mizpira» esanez ere ezaguna baita; horiek bezalaxe, gogorrak daudela bildu eta ustelak daudenean jaten dira.
Baba txiki berria salgai
Bestalde, neguko jaki beroen artean, baba txikia aipagai dugu. Askok ez dute sekula probatu, gazteek bereziki, baina gustuko duenak ez du hori jan gabe pasatzen negua. Patxi Atienza hasi da aurtengo berria ekartzen; «frantsesa da saltzen dena, hemengoak baino azal finagoa du eta berezoek nahiago izaten dute». Iazko prezio berean da, kiloa 2,80 euroan; otordu ederra prezio onean prestatzeko aukera ona.
Onddo garaia ere badoa; atzo dezente zegoen baina ez besteetan adina; 100 bat kilo onddo eta beste hainbeste esnegorri.
Txiletik Goierrira, txokoz txoko
Txileko Gobernuko Nekazaritza Ministerioko eta UNAF (Unidad NAcional de Agricultura Familiar) elkarteko hainbat kideei harrera egin zien atzo Igor Eguren alkateak Ordizian. Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta Euskal Herrian dabiltza, batera eta bestera, hamar egunez. Ordiziako azoka bisitatu ondoren, Segurako Ondarrera eta Zaldibiako Kixkurgunera joan ziren. janire arrondo