XIX. mendean Ormaiztegiko bainuetxera joaten ziren turista dirudunak irudikatuko dituzte etzi herritarrek. Izan ere, bigarren urtez, XIX. Mendeko Eleganteen Bilkura antolatu du Zumalakarregi museoak, San Andres jaien aurreko asteburuan. Orduko jantzi eleganteekin aterako dira kalera ormaiztegiarrak, eta, paperean sartzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute.
Lurdes Azpiazu museoko koordinatzailearen esanetan, “historiaren inguruko interesa piztea da egitasmoaren helburua”. Bigarren edizio honetan, gainera, herri osora zabaldu nahi izan dute ekimena. Hala, herriko taberna eta komertzioek ere bat egin dute egitasmoarekin, eta garaiko jantziekin janzteaz gain, dekorazioa ere landuko dute.
Herriko tabernek, gainera,
I. Pintxo Eleganteen Lehiaketa egingo dute. Perretxikoa erabiliz, XIX. mendeko pintxoak egin beharko dituzte, eta bezeroek erabakiko dute irabazlea, botoen bidez. Aintzine okindegian, berriz, gosari elegantea eskainiko dute 09:30etik 11:00etara.
Goizean zehar, egurrezko kalesan paseoak emateko aukera ere izango da, baita garaiko autoen erakusketa ere. Ekitaldi bereziena, berriz, arratsaldean izango da:
dantzaldi elegantea. Urbeltz frontoia XIX. mendeko bainuetxearen modura dekoratuko dute, eta bertan egingo dute dantzaldia. Txokolatea eta gozokiak banatuko dituzte, girotzeko.
Gazte asanbladak, berriz, eleganten bazkaria antolatu du etzi, eliza ondoko karpan. Gauetan, berriz, txosnetan
kontzertuak antolatu ditu biharko eta etziko.
Egitaraua:
Bihar.
- 16:00. Toka, bote eta igel txapelketak, jubilatuen elkartean.
- 17:00. Umeen show-a, Muxika egurastokian.
- 23:00. Kontzertuak, txosnetan: D-Pintxos, Sustrajah band eta Ingo al deu.
Etzi. (Eleganteen eguna).
- Goizean. Antzezpenak, egurrezko kalesan paseoak, garaiko autoen erakusketa, haur eta helduentzako garaiko jolasak eta photocall-a.
- 09:30-11:00. Gosari elegantea, Aintziñe okindegian.
- 12:00-14:00. Pintxo eleganteen lehiaketa, herriko taberna guztietan.
- 14:30. Eleganteen bazkaria, eliza ondoko karpan. Jarraian, bingo herrikoia.
- 16:00. Mus txapelketa, jubilatuen elkartean.
- 18:00. Dantzaldi elegantea, Urbeltz frontoian.
- 23:00. Kontzertuak, txosnetan: Salda Badago eta Guri5!
Igandea.
- 12:00. Haurren danborrada, herriko kaleetan.
- 18:30. Goruntz dantza taldearen saioa, Zubipe kiroldegian.