Euskaraz bizitzeko nahia berretsiko dute Ordizian, Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan
Herri lasterketarako izena eman daiteke dagoeneko, doan izango da.
Abenduaren 3arekin batera Ordiziako euskaltzaleek herriko plaza eta kaleak euskaraz beteko dituzte. Euskarak 365 Egun egitasmoaren baitan, euskaraz bizitzeko hautua egin dutenen aldarrikapena izango da; baina, aldarrikapenetik haratago doan egitasmoa da, ekimenetik eta antolakuntzatik asko duena.
Hitzaro Euskara Elkarteak, Amets Bide dantza taldeak eta Goierriko Hitzak, Ordiziako Udalaren laguntzarekin, egitarau berezia antolatu dute Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan. Abenduaren 2an, asteartea, Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak hitzaldia eskainiko du; abenduaren 3an, berriz, euskaltzaleen ekitaldia egingo da plaza nagusian. Euskaltzaleen agiria irakurriko da abesti eta dantza artean eta Joxe Mari Goenagari aitortza egingo diote. Ondoren, jan-edanerako aukera izango da.
Euskaraz bizi nahi dut lasterketa. Ordiziako Udalak Kontseiluarekin batera herri lasterketa antolatu du Euskararen Egunerako “Euskaraz bizi nahi dut” lelopean. Adinaren arabera hiru maila osatu dituzte, eta bakoitzerako ibilbidea zehaztu. 18:30ean LH 3 eta 4. mailakoen lasterketa izango da; alde zaharrari buelta bat emango diote, 375 metro. 18:45ean LH 5 eta 6. mailakoen txanda izango da; bi buelta emango dituzte, 750 metro. Azkenik, 19:00etan DBH-1etik aurrerakoentzat lasterketa egingo da; alde zaharrari bost buelta emango dizkiote, 2.765 metro. Izena emateko aukera dagoeneko irekita dago, eta doan izango da. Majori Kiroldegian eta Euskara Zerbitzuan egin daiteke inskripzioa. Bestalde, egunean bertan ere eman ahal izango da izena 17:00etatik 18:30era.EGITARAUA Abenduaren 2an
- 19:30ean Xabier Amurizaren hitzaldia, 4×4 operazioa. Barrena Kultur Etxean.
- 18:30ean Euskaraz bizi nahi dut herri lasterketa, Plaza Nagusian.
- 19:30ean elkarteratzea Plaza Nagusian, Euskarak 365 Egun. Euskaltzaleen agiria irakurriko da abensti eta dantza artean. Aitortza Joxe Mari Goenagari. Ondoren, pintxoak.













