Beste ikasketa batzuetan ez bezala, antropologia ikasgeletan hainbat diziplinek bat egiten dute. Ikasgeletatik kanpo, antropologiaren jardunean komunikazio eta publizitate lizentziadun bik arkitekto tekniko batekin topo egin eta ikerketa berean murgiltzea ez da ezinezkoa. Eta ezinezkoa ez denaren froga da Uzuri Aboitizek, Luxia Iriondok eta Beñat Garmendiak osatutako taldea. Lehenengo biak komunikazio eta publizitate lizentziadunak dira, eta Garmendia arkitekto tekniko ordiziarra da. Hiruen artean Ordiziako azoka, kasu etnografiko bat ikerlana burutu dute. Gerriko Bekari esker egindako lanean Ordiziako azokarien jarrera ekonomikoak aztertu dituzte, eta aldagai ekonomikotik abiatuta azokako saltzaileen portaera sozialei eta kulturalei erreparatu diete. Ikerlariek Ordiziako azokan astero-astero elkartzen diren aktoreen portaerak deskribatu eta aztertu nahi zituzten. Landa lana garatuz joan ziren heinean ikerketa objektua zehaztu, eta jarrera ekonomikoetatik abiatzea erabaki zuten. Ikertu dituzten alderdi nabarmenenak honakoak dira: azokarien ekoizpen logikak, azokariek nola ezartzen dituzten prezioak, erosleen eta azokarien arteko harremanek nola eragiten duten prezio sisteman, produktuak neurtzeko erabiltzen diren sistemak eta sexuaren araberako lan-banaketa. Bidean, Karl Polanyi antropologoaren lana izan dute oinarri. Polanyi-k ekonomia prozesu sozialen barruan txertaturik ageri dela zioen, eta hiru ikerlariek Ordiziako azokari buruz egindako ikerketa etnografikoan maila ekonomikoan gertatzen diren alderdiak aldagai sozialei, politikoei eta kulturalei lotuta agertzen direla frogatu dute. Kontakizun konplexua Azokarien portaera [...]
Beste ikasketa batzuetan ez bezala, antropologia ikasgeletan hainbat diziplinek bat egiten dute. Ikasgeletatik kanpo, antropologiaren jardunean komunikazio eta publizitate lizentziadun bik arkitekto tekniko batekin topo egin eta ikerketa berean murgiltzea ez da ezinezkoa. Eta ezinezkoa ez denaren froga da Uzuri Aboitizek, Luxia Iriondok eta Beñat Garmendiak osatutako taldea. Lehenengo biak komunikazio eta publizitate lizentziadunak dira, eta Garmendia arkitekto tekniko ordiziarra da. Hiruen artean Ordiziako azoka, kasu etnografiko bat ikerlana burutu dute.
Gerriko Bekari esker egindako lanean Ordiziako azokarien jarrera ekonomikoak aztertu dituzte, eta aldagai ekonomikotik abiatuta azokako saltzaileen portaera sozialei eta kulturalei erreparatu diete.
Ikerlariek Ordiziako azokan astero-astero elkartzen diren aktoreen portaerak deskribatu eta aztertu nahi zituzten. Landa lana garatuz joan ziren heinean ikerketa objektua zehaztu, eta jarrera ekonomikoetatik abiatzea erabaki zuten. Ikertu dituzten alderdi nabarmenenak honakoak dira: azokarien ekoizpen logikak, azokariek nola ezartzen dituzten prezioak, erosleen eta azokarien arteko harremanek nola eragiten duten prezio sisteman, produktuak neurtzeko erabiltzen diren sistemak eta sexuaren araberako lan-banaketa.
Bidean, Karl Polanyi antropologoaren lana izan dute oinarri. Polanyi-k ekonomia prozesu sozialen barruan txertaturik ageri dela zioen, eta hiru ikerlariek Ordiziako azokari buruz egindako ikerketa etnografikoan maila ekonomikoan gertatzen diren alderdiak aldagai sozialei, politikoei eta kulturalei lotuta agertzen direla frogatu dute.
Kontakizun konplexua
Azokarien portaera ekonomikoak abiapuntu izanda, Ordiziako ferian gertatzen diren berezitasun ekonomikoak hauteman eta sailkatu dituzte. Eta, horrenbestez, landa munduan bizi diren pertsonen inguruko narrazio konplexu eta berezia osatu nahi izan dute.
Behaketan eta elkarrizketan sakondu duten eran, azokaren inguruan biltzen diren subjektuen eta portaera ekonomikoen konplexutasuna baieztatu dute; azokan ekonomian aritzeko modu ugari daudela, alegia. Sei multzotan banatu dituzte azokariak, salerosketak egiteko duten moduen arabera. Finean, Ordiziako Azokan eredu ekonomiko jakinetatik harago, eguneroko praktika ekonomikoak moldatu, sortu eta birsortu egiten direla ondorioztatu dute.
Ekoizleentzat nahiz merkatarientzat Ordiziako Azoka interesgunea bada ere, feriaren garrantzia ekonomikoa azken hamarkadetan nabarmen jaitsi da. Hala ere, azokari komunikazio gune izaera aitortu diote, merkatua denez gero komunikazio sareen lotura eta egunerokotasunaren berri zein informazioa jasotzeko leku ezin hobea delako. Ikerlariek jaso dute, bestalde, azokan gertatzen diren prozesu ekonomikoak eskualdeko bizitza politiko, sozial, kultural eta erlijiosoarekin nahasten direla.
Ondorio horiek guztiak ateratzeko hiru urteetan zehar (2010-2013) landa lana egin zuten hiru antropologoek. Behaketa parte hartzailea egin zuten, azokarien diskurtsoen analisia aztertu zuten elkarrizketa sakon, informal zein talde eztabaiden bitartez, eta azokaren ibilbide historikoa jaso zuten agiritegietan.
Azoka eskualdeko baserritarren topaleku izateaz gain, errealitate konplexuagoa islatzen duen gunea dela erakutsi dute. Horrez gain, berezitasunak ere aurkitu dituzte, esate baterako, harreman luze eta pertsonalizatuan oinarritutako saltzeko eta erosteko moduak. Pertsonak, familiak, jatorriak, auzotasunak edo kulturak garrantzia hartzen duten salerosketak dira, non abantaila ekonomikoak agerian dauden. Ordiziako Azoka hori guztia da.