Segurako sarrera zaharraren maketa egin du Rafa Berasategik
Segurako
sarrera zaharra, herriko harresiari lotuta zegoena, XX. mendearen hasieran bota zutela uste da. Izan ere, 1899an ateratako argazki batean sarreraren zati bat ikus daiteke oraindik.
Segurako Erraztiolatza museoan ikus daiteke argazkia, eta orain baita sarreraren beraren maketa ere.
Rafa Berasategik egin du maketa, XVII. mende hasierako grabatu batean oinarrituta. «Frantsesak herrira sartu zireneko grabatu bat da, koloretan egina, eta horrek pista asko eman dizkit sarrera nolakoa zen jakiteko», adierazi du Berasategik. Grabatu horren dimentsioetan oinarrituta egin du maketa.
Herriko sarreraz gain,
Arrue etxearen maketa ere egin du. Oraindik zutik dagoen arren, aldatuta dago eraikina, eta Berasategik berezko ezaugarriekin egin du maketa. «Jende gutxik jakingo du eraikin horrek jatorrian arkupea zuela, orain pareta batekin estalita baitago», azaldu du. Eraikinaren fatxada ere jatorrizkoa egin du, gerora jarritako leihorik gabe.
Ikuspegiarentzat oztopo
Berasategiren hitzetan, Zurbanotarren etxea eraiki zutenean —kultur etxe zaharra—, bertako jauntxoari estorbu egiten zion Segurako sarrerak, ikuspegia kentzen baitzion. «Ezin zuen Aizkorri ikusi». Horregatik agindu zuen sarrera bota, eta haren lekuan berarentzako lorategi bat egitea.
Gaur egun, ez dago eraikinik sarrera zaharra zegoen lekuan. Berasategiren ustez, aukera ona da egunen batean sarrera berreraikitzeko. «Arrue etxearen kasuan, berriz, gutxik dakite zein altxor ezkutatzen duen; udala eta herritarrak altxor horretaz ohar daitezen egin dut maketa, eta, berreskuratzea erabakitzen bada, eredu bat egon dadin».