EAJ-ren diputatugai Markel Olanok Ataungo iritziak jasoko ditu gaur
Ataunen egun osoko bisita egiten ari da Markel Olano, EAJren Gipuzkoako Foru Aldundirako ahaldun nagusitarako hautagaia, gaur. Goizean Lizarrustiko parketxean izan da, Barandiaran Museoa bisitatu du gero, eta Ataungo baso ustiaketa bertatik bertara ikusi du jarraian. Bittor Oroz, Carlos Ormazabal eta Xabier Arruti alderdikideak izan ditu lagun.
Maiatzaren 24ko foru hauteskundeak “gertu” daudela eta, aurre kanpaina larunbatean hasi zuen EAJk. Beasainen aurkeztu zuen hautagaitza Olanok. Programaren “lerro nagusiak” eginda dituztela azaldu du gaur. “Baina jendearekin partekatu nahi dugu, herrietan hitz egin eta horrekin elikatzeko”, azaldu du Olanok.
Astean egun batean Gipuzkoako herri bat bisitatzen du, “goitik behera errepasoa” egiteko. “Azpimarra” arlo ekonomikoan jarri du. Kultura, gizarte nahiz elkarteen ikuspegia ere hartuko dutela aintzat esan du. Ataunen kasuan, Lizarrustiko parketxeko dinamika txalotu du, eta Joxe Migel Barandiaranen erreferentzia aldarrikatu du gipuzkoarrentzat.
Baina, batez ere, basogintzaren balio ekonomikoa nabarmendu du Olanok. “Ataunen ezaugarri garrantzitsuena natur aberastasuna da. Basoen ustiaketa ikusi dugu, eta Ataunen bereziki indarrean dago. Garrantzia arlo ekonomikoari ematen diogu. Naturaren babesa batetik, eta bestetik ustiaketa daude. Bi elementu horien artean oreka bat mantendu beharra dago. Gaur atera dugun mezu inportanteenetakoa hori da: posible da bateragarri bihurtzea arlo ekonomikoa eta ustiaketa jasangarri bat egitea, eta bestetik aisialdia eta naturaren babesa”.
Ildo horretan, basogintzak “enplegua eta aberastasuna” ekartzen duela gaineratu du. “Gure baserrien, nekazarien eta milaka urtean lanean jardun duten pertsonen iraunkortasun ahalmena indartu beharra dago. Horretarako, alderdi ekonomikoak izugarrizko pisua dauka. Askotan, hori alde batera uzten dugu, batik bat kaletarrok beste interes batzuk dauzkagulako, baina arlo ekonomikoarieta ustiaketari bere pisua eman behar zaio”.
Ataunen bazkaldu ondoren, arratsaldean Ataungo industria bakarra (Kerejeta lantegia) bisitatuko du, eta iluntzean herritarren iritziak jasoko ditu. Batzokian, bailarako EAJko ordezkariekin bilera ere egingo du.