Lazkaotarrak hasi dira pasabidea aukeratzen
Lazkaomendi eta hilerri alderako nolako oinezkoen pasabidea nahi duten erabakitzeko lehenengo botoak eman dituzte lazkaotarrek. Areria antzokiaren aurrean jarritako karpan izango da gaur (asteazkena) aukera, goiz eta arratsalde. 11:30ean zabaldu dute bozkalekua, Parte-hartze Batzordearen lehendakari Urtzi Iruin eta teknikari Inaxio Usarralde bertan zirela. Lehen unetik hasi dira herritarrak iritzia ematen. Papertxoa etxetik ekarri dute askok, eta besteek karpan bertan hartu dute. Lehenengo hiru ordu laurdenean, esate baterako, 20 bat boto sartuta zeuden ontzian.
Zortzi proposamenen artean gustukoena aukeratzea da egitekoa. Boto gehien jasotzen duen diseinua garatuko du, gero, Udalak. Galdetutako herritar guztiek begi onez ikusi dituzte proiektua (pasabidea behar dela esan dute), eta bai prozesua bera, herritarrek gai jakinak erabakitzen parte hartu nahi dutela gaineratuta.
Gaur arratsaldean ere Areria aurrean egongo da botoa emateko karpa, 17:00etatik 20:00etara. Bihar (osteguna) Euskadi enparantzan, eta etzi (ostirala) Hirigoiengo eskola txikian egongo dira, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Larunbatean, azkenik, plazan jarriko dute, goizez bakarrik (11:30-13:30).
Erlazionatutako edukiaLazkaomendirako pasabidea aukeratzeko bozketa datorren astean izango da Lazkaon