Alberto Iñurrategik hitzaldia eskainiko du gaur iluntzean Ordizian
Arrakasta eta porrota ulertzeko moduen gaineko gogoeta eskainiko du Aretxabaletako mendizaleak.
Zortzimilakoetatik eta eskalatzeko horma zorrotzetatik, Groenlandia eskiz zeharkatzera pasa zen Iñurrategi duela hiru urte Juan Vallejo eta Mikel Zabalzarekin batera. Hegotik iparrarera egin zuen zeharkaldia, lerei tiraka eta kometen laguntzarekin. Geroago Antartida gurutzatu zuen, 55 egunetan Hego Poloa zeharkatuz. Tontorren bila joan beharrean zeharkaldietara igarotzeak gailurrari ematen zioten garrantziaz hausnartzeko tartea izan du mendizale aretxabaletarrak.
Mendia “garaipenaren idolatriarekin” kutsatuta dagoela dio: “Nik behintzat ikasi dut, inguruan izan dudan jendeak horrela irakatsita, ustezko porrotak badituela elementu interesgarri pila bat”. Hala benetako ahalegin baten ondorengo porrota “porrot ona” aitortu zion mendizaleak Tolosako Galtzaundi aldizkariari elkarrizketa batean, “gauza positibo” ugari dituelako. “Nik porrotaren alde esaten dudanean, nork bere burua behartuz ikasten diren mila gauzei balioa eman nahi diet, gailurra zapaltzearen baitan ez daudenak. Gailurra kontutan hartu behar da, noski, polita da, baina ezin zaio lehentasunik eman”. Arrakasta eta porrota ulertzeko moduen gaineko gogoeta eskainiko du Iñurrategik Ordiziako hitzaldian.













