Stations de Trail nazioarteko sarearen barruan, Euskal Herriko trail estazioa jarriko dute martxan udaberrian; Goitur eta Tolomendi turismo elkarteek gauzatu dute proiektua, eta Gipuzkoako Aldundiak 35.000 euro jarri ditu.
Mendizaletasunak goranzko joera du. Ikusi besterik ez dago azken urteetan Euskal Herrian eta Goierrin bertan antolatzen diren mendi lasterketen kopurua. Olatu horri jarraituta, eta Goierrin mendiak baditugula aprobetxatuz,
Stations de Trail sarean sartu dira Aralarreko eta Aizkorriko parke naturalak. Station de Trail Basque Country izango du izena trail estazioak, eta udaberrirako martxan jartzea espero dute.
Mendiko korrikalarientzako prestatutako eremuak dira trail estazioak, ibilbide eta zerbitzuekin. Stations de Trail sarea 2011n sortu zuen RaidLight frankiziak, eta dagoeneko hamasei estazio daude sare horren barruan, gehienak Frantzian. Aralarreko eta Aizkorriko trail estazioa Euskal Herriko lehena eta bakarra izango litzateke. Izan ere, 300 kilometro baino gertuago ezingo da beste estaziorik izendatu.
Goitur eta Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapen Elkarteak lankidetzan eraman dute aurrera proiektua. «Iker Karrera mendi korrikalariak eta Tolomendiko gerenteak komentatu zidan Frantzian bazirela horrelako trail estazioak, eta interesgarria izango litzatekeela hemengo turismoa bultzatzeko», azaldu du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak. Hala hasi ziren ideiari bueltak ematen.
Hamasei ibilbide eta bi sarrera
Aralar eta Aizkorrirekin estazio bakarra osatzea pentsatu zuten. Harremanetan jarri ziren Stations de Trail sarearekin, eta 2013ko irailean etorri ziren ordezkariak. «Gure asmoa azaldu genien, hainbat ibilbide aurkeztu genizkien planoetan, eta bideragarria ikusi zuten». Sarean sartzeko, ordea, 35.000 euro ordaindu behar dira, eta finantzazioa lortzea izan zen Goitur eta Tolomendiren hurrengo urratsa. «Aldundiko turismo sailarekin hitz egin genuen, eta aurreko astean sinatu genuen finantzazio akordioa».
Finantzazioa lortuta, proiektua aurrera doa. Momentuz hamasei ibilbide proposatu dituzte, zortzi Aralarren eta zortzi Aizkorrin. Ibilbide horietako batek, gainera, Aizkorri eta Aralar lotzeko balioko du: Larraitz eta Zegama bitarteko korridoreak. Osinalderen esanetan, zailtasun ezberdinetako ibilbideak izango dira, koloreekin bereizita. «Berdeak, urdinak, gorriak eta beltzak egongo dira, desnibelaren eta luzeraren arabera».
Estazioak bi harrera puntu izango ditu: Larraitz (Abaltzisketa) eta Zegamako Interpretazio Zentroa. Harrera puntu horietan korrikalariek behar duten informazio guztia jasoko dute, bai ibilbideen inguruan, baita inguruan aurki ditzaketen ostatu, jatetxe eta zerbitzuen inguruan ere. Horrez gain, bi puntu horietan, dutxak eta gimnasioa erabiltzeko aukera izango dute. Eta, nahi izanez gero, mendiko gida bat edota masajista bat kontratatzeko aukera ere izango dute.
Stations de Trail sareko arduradunak urtarrilean etorriko dira estazioa bertatik bertara ikustera, eta orduan finkatuko dituzte behin betiko ibilbideak. Otsailean, berriz, seinaleak jartzera etorriko dira. Izan ere, homologatutako ikur propioak erabiltzen ditu sareak bere estazio guztietan.
Turismoari bultzada bat
Osinalderen ustez, Goierri eta Tolosaldeko turismoa indartzeko tresna baliagarria izango da trail estazioa. «Sarearen parte izateak esan nahi du mendiko korrikalarientzat erreferente den
www.stationdetrail.com webgunean egongo garela». Hala, Europako mendizaleak erakartzeko balioko du estazioak. «Mendi turismoa indartu nahi dugu; gure asmoa da familiak etortzea, mendia aitzakiatzat hartuta, egun batzuk hemen pasatzera». Hortaz, bi eskualdeetako ostalarientzat eta zerbitzuentzat proiektua positiboa izango delakoan dago.