Hasi dira pasabidea aukeratzen
Lazkaotarrek Lazkaomendira pasabidea aukeratzeko lehenengo jardunaldia izan dute. Lehen ordutik hasi da jendea bozkatzen. Begi onez ikusi dute proiektua eta prozesuaLazkaoko herri gunetik Lazkaomendi aldera eta hilerrirantz joateko nolako pasabidea era...
Lazkaotarrek Lazkaomendira pasabidea aukeratzeko lehenengo jardunaldia izan dute. Lehen ordutik hasi da jendea bozkatzen. Begi onez ikusi dute proiektua eta prozesua
Lazkaoko herri gunetik Lazkaomendi aldera eta hilerrirantz joateko nolako pasabidea eraiki, atzo hasi ziren erabakitzen lazkaotarrak. Bozketa herrikoiaren lehenengo jardunaldia Areria antzokiaren aurreko eskailera-barrenean garatu zen, goiz eta arratsalde. Karpa baten aterpean, zortzi proposamenen afixak erakutsi, eta boto paperetan gustukoena aukera daiteke.11:30ean ireki zuten bozketa postua. Hiru ordu laurden igarotzerako, hogei-bat lazkaotarrek iritzia emana zuten. Gehienek iritzia garbi eraman dute. «Baten bat etorri da bi proiekturen arteko zalantzak galdetuz, baina etxetik prestatuta dakarte askok botoa», zioen Parte-hartze Batzordeko buru Urtzi Iruinek.
Bezperan, informazioa emateko batzarrera 25 bat lagun joan ziren, Areria antzokira. «Gehien bat, geroko proiektua zehazten denerako kezkak ditu jendeak. Ideia mailan, jakin beharrekoa jakinda dago», dio Parte-hartzeko teknikari Inaxio Usarraldek.
Lehen aldia da Lazkaon halako bozketa herrikoi bat antolatu dena, proiektu jakin bati buruz iritzia jasotzeko. «Egunotan ikusiko da jendeak zer erantzuten duen, parte-hartzeak berak esango du jendea engantxatu duen. Nik uste, informazio mailan ahal den guztia egin dela. Herritarren iritziak ere kontuan hartu dira», dio Usarraldek.
Ideia eta asmoa, gustuko
Galdetutako guztiek begi onez ikusi dituzte bai pasabidea, bai prozesua bai. «Lazkaomendirako igoeran beharra dagoela ikusten genuen, bai hilerrirako, bai buelta bat emateko. Segurtasunagatik ere bai», zioen Mertxe Agirrek. Prozesua «oso ondo» iruditu zaio. «Beharrezkoa da, gehiagotan ere prest nago iritzia emateko. Bai ondo esateko, baina baita gaizki ikusten ditugunetarako ere, bi aldeetarako».
«Lazkaomendira garai batean asko joaten ginen. Orain nola ez dagoen oinez erraz joateko, erabaki egin beharko da. Ezin da utzi udalak egin dezatela. Denok parte hartu behar dugu», azaldu du Margarita Mendizabalek. «Gainera gaizki dago, dagoen bezala», dio Andres Urteaga senarrak. «Ea jendeak ere kasu egiten duen», gaineratu du emazteak.
«Herritarrok erabaki behar dugu zein izan behar den proiektua, eta ondo iruditu zait proposamenak aurkeztea, gero erabakitzeko aukera guk izateko», dio Ander lazkaotarrak.
Gaur plazan egongo da aukera bihar Hirigoiengo eskola txikian.













