Gabonetako aurreneko zantzuak agertu dira azaroko azken feria honetan; bai apaingarri moduan, eta baita jatekoetan ere.
Mutiloarrak atzo plazan, odolkiak eskuz egiten. Argazkia: D’Elikatuz
Udazkeneko hainbat produktu protagonismo berezia hartzen ari dira azken aste hauetan, eta atzo, odolkiaren txanda izan zen. Batetik, jada ohikoa den odolki lehiaketa burutu zelako udaletxe azpiko arkupean; eta bestetik, plazan bertan odolkia eskuz nola egiten den erakutsi zutelako. Hiru mutiloar izan ziren lan honi heldu ziotenak: astero plazan barazki saltzen aritzen den Agirieta baserriko Juanita Murgiondok, Juanita Aranburu eta Resu Olaetxea hartu zituen lagun. «Betitik egin izan dugu lan hau eskuz eta etxeko osagaiekin. Guretzat egitea ez da lan zaila, baina hemen erakustea da berezia».
Gainerakoan, barazkiei eta fruituei dagokionean, aipamen pare bat: azelga edo ziazerba gorri sortak ekarri zuen Baliarraingo Edurne Jauregik. Mizpirak jateko punttu-punttuan ere ikusi genituen, 2 euroz geroztik aukeran, handienak kiloko 5 euroan.
Gabonetako lehen ikutuak
Bistarako nahiz triparako lehen seinaleak ikusi genituen atzo Plazan. Batetik apaingarri gisa erabili ohi den erratza Ruscus aculeatus (Baliarraingo Jauregiren postuan), 2€/sorta pepita gorri dotoreduna. Bestetik Juani Lopez eta Teo Muñoz izeba iloben postuan gabonetako gozoak aukeran: mazapanak, girlatxeak, polboroiak, turroiak… aukera zabala, 7 eta 26 euro artean kiloa.
Valentziako laranjak
Iaz hasi zen Juan Carlos Costa zuzenean beraiek ekoitzitako laranjak Ordizian saltzen. Asteazkenero Goen plazan jarri ohi du postua. Hasieran mandarinak (2,30 €/Kg.) bakarrik zituen aukeran; orain laranjak ere bai: zukurako aproposak (1,80), mahaikoak (2,20) eta extrak (2,25). Navelina motakoa da oraintxe merkaturatzen dena.