Joxe Migel Barandiaran jaio zeneko 125. urtemuga ospatzen ari dira Ataunen. Antropologoa ahanzturan eror ez dadin ekitaldi sorta berezia antolatu dute Barandiaran Museoan aste hauetarako.
Batera eta bestera mugitzeko Saran (Lapurdi) erabiltzen zuen bizikleta esku artean, bere bizitzako garai esaguratsuetan barrena egin zuten bidaia. Umetako zalgurdia, Norteko trena, Vespa, Lambretta edo ziklomotorea… Txapela eta sotanarekin Gasteizko seminario garairaino joan eta bere apaiz ibilbideari egin zioten errepasoa. Musikaren bidez, ahots grabazioekin… emanaldi berezia prestatu zuen
Jon Aizpurua kazetari ataundarrak Joxe Migel Barandiaranen inguruan.
102 urte egiteko zorian zela hil zen Joxe Migel Barandiaran, 1991ko abenduaren 21ean. Urteak adina lan egin zuen ataundar antropologo eta etnografoak, eta ezaguna da bere izena Euskal Herrian. Ikerketa sakonak egin zituen, euskaldunon ezaugarriak aztertu, bildu eta ezagutarazten.
Euskal kultura ahazturan gal ez zedin oinarriak finkatzen zeresan handia izan zuen Barandiaranek. Jaio zeneko 125. urtemuga aitzaki hartuta, bere bizitza eta lana zabaltzeko egitaraua prestatu dute Ataungo Barandiaran Museoan.
Hamaika objektu, hamaika kontu emanaldi berezia egitarau horretako lehen hitzordua izan zen. Giro goxoan elkartu ziren Barandiaran Museoko ganbaran dozenaka lagun. Barandiaranen prismatikoak, labana nahiz arbelak kontu eta istorio ugaritarako bidea ireki zuten. Han erakutsi zuen Aizpuruak XX. mende hasierako argazki kamera bat ere. Irratia modua sinplean muntatzen ere asmatu zuen Barandiaranek, eta burukomin bat edo beste eman zion asmakuntzak.
Barandiaranen bizitza alderdirik pertsonalenetik ezagutzeko hamarkadetan zehar bere lanean erabilitako objektuak hartu zituen abiapuntu Jon Aizpuruak. Igandetik aurrera ikusgai egongo dira museoan objetu horiez osatutako erakusketa.
Ahaztuta gera ez dadin
Aita Barandiaranen lana eta figura zabaltzeko asmoz egiten dute lan urte osoan zehar Ataungo Barandiaran Museoan. Tailer, arkeologia irteera nahiz mitologia oinarri duten antzerki eta ipuin kontaketa saioen bidez. Barandiaranen izenak ohiartzuna duen arren, berak egindako lana horren ezaguna ez ote den susmoa dute Ataunen Barandiaran Museoan.
Etnologia, mitologia, historia, prehistoria, arkeologia. Asko izan ziren Barandiaranek ukitu zituen ikerkuntza adarrak. Euskal Herriko arkeologo eta etnografo garrantzitsuenetako bat izan zen, baita hemendik at ere. A
inhoa Diez de Salazar Barandiaran Museoko langilearen arabera Barandiaranen irudi «gertukoagaoa» eskaini nahi izan dute antolatu dituzten ekintza eta ekitaldien bidez. «Oso garrantzitsua izan zen Barandiaranek egin zuen lana. Ezin zituen galtzen utzi ia ahaztear zeuden ohitura eta herri ezagutzak, eta etengabeko bilketa lana egin zuen. Orain guri dagokigu guzti horri bere garrantzia eta balioa ematea», dio Diez de Salazarrek.
Iritzi berekoa da Jon Aizpurua ere: «Aspaldiko pertsonaia da Barandiaran; hil zirela ia 23 urte dira eta ahaztuta geratzen ari zaigu. Urtemuga honek aukera polita emango du bere bizitza eta lanaren gaineko ekitaldiak egin eta bere figura berritzeko».
Mitologia kontakizunak
Lan sakona egin zuen Joxe Migel Barandiaranek Euskal Herriko
kondaira eta istorio zaharrak biltzen. Urtemugaren baitako ekitaldietako etxeko txikienei zuzendutako hainbat ekitaldi prestatu dituzte, mitologia oinarri. Hala, igande honetan, azaroaren 30ean Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak ipuin kontaketa saioa egingo dute. Ipuin, mito eta kondariak antzeztuko ditu Marimunduko Ataungo sorginak ume zein familia giroan gozatezko. Tartalo nahiz Maruren istorioak hartuko ditu ahotan, beste hainbat kontakizunez gain. San Martin Txikik garipilari jauzi eginez Tartalori ilea hartu zionekoa ere antzeztuko dute.
Abenduaren 14ean bestalde Jentilak Aralarren
ibilaldi magikoa egingo dute. Jentilak, lamiak, sorginak… pertsonaia ugari ezagutzeko aukera izango da ibilaldian. Neguko solstizioaren bezperetan, Olentzerok ere hartuko du parte ekitaldian. Urteroko legea bihurtu den ibilaldi berezi hau, berrikuntza ugarirekin dator aurtengoan. Ainhoa Diez de Salazarrek aurreratutakoaren arabera «Baradiaranek hain ondo ezagutzen zituen basoetatik zehar» ibiliko dira pertsonai zein izaki mitologiko artean. Izen ematea, hori bai, derrigorrezkoa izango da.
Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideekin elkarlanean antolatu dituzte ekitaldi hauek. Ataunen 1992an jaio zen Jentilbaratza Elkartea eta Barandiarani esker jasota gelditu diren Ataungo nahiz Euskal Herriko mitologiaren inguruan garai bateko sinesmen, ipuin zahar eta kondairak helarazteko eta arbasoen ohitura zaharrak ez galtzeko zubi lana egiteko helburuarekin.
Ataundarraren izaera eta lana hobeto ulertu eta Ataundik Euskal Herrira zabaltzeko ahaleginean hondar aletxoa jarri nahi izan dute, Barandiarani «merezitako oparia» egiteko.