Abenduaren 13an Asier Mendizabalek egindako eskultura bat jarriko dute Nikolas Lekuona plazan.
1936ko altxamendu faxistan borrokatu zirenekin eta gerraren ondorioak nahiz frankismoa sufritu dutenekin zorretan, oroimen historikoa berreskuratzeko lan sakona egin du Ordizian herritar talde batek. 2011ko udazkenean elkartu zirenetik
“egia, justizia eta aitortza” izan dituzte oinarri. Lekuko zuzenei nahiz senitartekoei elkarrizketak eginez, artxiboak aztertuz nahiz herriko bizilagunek etxeetan izan zitzaketen edozein objektu, jantzi edo dokumentu jaso ondoren, liburu bat eta dokumental bat prestatu dituzte.
Atzo iluntzean egin zuten D’elikatuzen
abenduan zehar garatuko dituzten ekintzen aurkezpena. Bertan ziren Memoria Historikoa Berreskuratzeko Taldea osatzen duten kideak, Igor Eguren Ordiziako alkatea eta frankismoa euren azalean sufritu zuten hainbat ordiziarren senideak ere.
Pantxike Agirrek azaldu bezala, egia ezagutu eta ezagutzera emateko asmoz egin dituzten elkarrizketetatik jasotakoarekin eta artxibategietatik jasotako dokumentazio guztia txukun jasotzen duen liburua osatu dute:
Ahaztuen mindura. 1936ko gerra eta lehen franskimoa Ordizian. Elkarrizketa horietan oinarrituz eta Patxi Zubizarreta idazleak prestaturiko gidoiarekin, elkarrizketak, fikziozko pasarteak eta garaiko argazkiak biltzen dituen dokumentala prestatu dute:
Uda minean negua. Azkenik, altxamendu faxista, gerra eta errepresioa jasan zutenei omenaldi gisa, “haien duintasuna gaur egunera eta kaleetara” ekarri asmoz, Asier Mendizabal eskultore ordiziarrak egindako
eskultura jarriko dute Barrena aurreko Nikolas Lekuona plazan.
Igor Egurenek eskerrak eman zizkien oroimen historikoa berreskuratzen lanean ibili direnei, baita euren testigantzak eskainiz egitasmoan parte hartu dutenei ere. “Eskerrikasko beraien lanarekin 36an hasi eta gaurko urteetara arte herri langile baten izaera mantentzearren bere bizitza eman zutenei. Eskerrikasko inork deitu ez zituen guda hartan erori zirenei. Baina baita guda hartan semea, aita, aitona edo osaba galdu zutenei; haiek inoiz ahaztu ez zituzten ama, alaba, izeba eta amonei”. Urte luzez erakundeek gai honen gainean “ezer ez egin izana” arbuiatu zuen alkateak.
EGITARAUA
- Abenduak 4, osteguna. Euskara, ospela eta egutera dokumentala. Dabid Anaut arituko da hizlari lanetan. Ondoren, tertulia Ordiziako Ikastolako lehen adereñoekin. 19:00etan, D’elikatuzen.
- Abenduak 9, asteartea. Memoriaren eta desmemoriaren borroka hitzaldia Ander Iturrioz soziologoaren eskutik. 19:00etan, D’elikatuzen.
- Abenduak 10, asteazkena. Anaztuen mindura. 1936ko gerra eta lehen franskimoa Ordizian liburuaren aurkezpena 18:30ean udaletxeko Batzar Aretoan. Jarraian, ekitaldia.
- Abenduak 13, larunbata. Uda minean negua dokumentalaren proiekzioa 18:00etan Herri Antzokian. 19:30ean Nikolas Lekuona plazan Asier Mendizabalek egindako eskultura jarriko dute.