Doinu kubatarrekin eman diete amaiera Ormaiztegin aurtengo San Andres jaiei
La Jodedera taldearen kontzertua izan da jaietako azken ekitaldia. Jesus Mari Debak irabazi du XXVIII. Odolki Lehiaketa eta Zanpanzarrak' mozorroak jaso du saria mozorro eguneanEkitaldiz betetako bi astebururen ondoren, amaitu dira aurtengo San Andres ...
La Jodedera taldearen kontzertua izan da jaietako azken ekitaldia. Jesus Mari Debak irabazi du XXVIII. Odolki Lehiaketa eta Zanpanzarrak’ mozorroak jaso du saria mozorro egunean
Ekitaldiz betetako bi astebururen ondoren, amaitu dira aurtengo San Andres jaiak Ormaiztegin. Aho zapore onez amaitu dituzte, ordea; edo, hobeto esanda, doinu ederrez. Izan ere, La Jodedera taldearen kontzertua izan zen atzo iluntzean, eta doinu kubatarrekin alaitu zituen ormaiztegiarrak. Haurrentzako ere egun borobila izan zen atzokoa. Goizez eta arratsaldez, haurrentzako parkean saltoka ibiltzeko aukera izan zuten, Zubipe kiroldegian. Zumalakarregi kaleko karpan, berriz, egurrezko jokoak izan zituzten arratsaldean. Eguraldi txarrari kasurik egin gabe, gustura aritu ziren.Mozorro eta odolki egunak
Asteburua ere bete betea izan dute Ormaiztegin. Larunbatean mozorro eguna egin zuten, eta herriko lagun taldeak mozorro originalekin atera ziren kalera. Zubipe kiroldegian izan zuten bazkaria, eta, arratsaldean, jaitsiera egin zuten Skandalue elektrotxarangarekin. Hamabi eta hamasei urte bitarteko gazteen mailan, Ocho apellidos vascos mozorroak irabazi zuen; pelikulako pertsonaiez mozorrotu ziren. Hamasei urtetik aurrerakoen artean, berriz, Zanpanzarrak mozorroak jaso zuen saria.
Igandeko ekitaldi nagusia, berriz, odolki eguna izan zen, eta Jesus Mari Deba harakinak irabazi zuen XXVIII. Odolki Lehiaketa. Euskal Herriko elikagaien azoka ere egin zuten, baita odolkiaren osagaien erakusketa ere. Sari hauek banatu zituzten: txerri onena, Berrobiko (Gipuzkoa) Lesmes eta Ezkio-Itsasoko Urkulegi baserriak; tipula, Juanita Murgiondo (Mutiloa); porrua, perrexila, oreganoa eta postu ederrena, Maria Etxezarreta (Gabiria). Odolkiarekin egindako plateretan, berriz, Jesus Lermak irabazi zuen, eta Bittor Martinek egin zuen aurkezpen onena.