Errauskine eta Superman nor bere rolarekin akituta
Urretxuko eta Zumarragako Panterak taldeak jaso du ikus-entzunezko lanen lehiaketaren lehenengo saria 18 eta 26 adin tartekoen mailan. Beldur Barik Topaketaren barruan eman dituzte sariak Urretxun.Errauskinek ez du printzesa perfektua izan nahi, eta Su...
Urretxuko eta Zumarragako Panterak taldeak jaso du ikus-entzunezko lanen lehiaketaren lehenengo saria 18 eta 26 adin tartekoen mailan. Beldur Barik Topaketaren barruan eman dituzte sariak Urretxun.
Errauskinek ez du printzesa perfektua izan nahi, eta Supermanentzat nekeza da gabardina erantzi eta super heroiari eustea. Biek ala biek bestelako bizimoduak nahi dituzte. Errauskine gitarra elektrikoa jotzen hasi da eta printzesa soineko zuriaren azpian zuloz betetako galtza beltzak jantzi ditu. Larruzko jaka urdina eta botak gehitu dizkio bere irudi berriari. Orain, Ceni da, La Ceni. Supermani kosta zaio barruan duen super heroia isildu eta gizonari bidea egitea. Egin du, halere, eta aurrerantzean Kerman izateko hautua egin du. Errauskine eta Superman gogaitu dira honezkero; emakume eta gizon soil izan nahi dute.Urretxuko eta Zumarragako Beldur Barik Topaketaren aurkezpena egiteko taularatu zuten antzerki pieza laburraren muina da aurreko kontakizuna. 260 bat gaztetxoen aurrean egin zuten, Zelai Arizti kultur etxean, Zumarragan, aurreko larunbatean. Gazteak adi-adi zeuden aktoreei begira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat txokotatik bost autobus iritsi ziren Zumarragara. Nabarmentzekoa da topaketara bildu ziren bisitariak gazteak baino gaztetxoak zirela.
Behin aurkezpena eginda, tailerretan sakabanatu ziren: autodefentsa feminista, hilekoa, desioa… Tailerretan parte hartu eta, kalejiran egin zuten Zelai Ariztitik Labeaga aretorainoko bidea. Kalejira-manifestaldi bihurtu zuten gaztetxoek.
Sari handi bat Goierrin
Labeaga aretoan aurtengo Beldur Barik sariak eman zituzten. Ikus-entzunezko lanen lehiaketara inoiz baino lan gehiago aurkeztu direla esan zuen Socorro Alvarez Emakundeko teknikariak, «topaketara ere inoiz baino gaztetxo gehiago etorri da».
Lehiaketako lehen saria 18 eta 26 urte bitartekoen mailan Panteras taldeak jaso zuen. Taldea Urretxukoa eta Zumarragakoa da, eta Urola Garaiko Jabekuntza Eskolaren barruko rap tailerretik sortu da. Hain zuzen, saria rap doinuan egindako bideoklip bategatik eman zieten larunbat iluntzean.
Eztizen Agirresarobe, Sara Domingez, Samantha Reyes, Rocio Ferrero, Belen Ferrero, Iratxe Aldabur eta Natalia Alvarezek osatzen dute Panteras taldeko kideak. Furia rap abeslaria eta tailerreko irakaslea izan dute gidari. Agirresarobek bideokliparen muina xehatu du: «Neska gazteengan indarkeriak duen proiekzioa ikusita, indarkeria horri aurre egiteko emakumeen arteko aliantzek eta elkartasunak sortzen duten babesa adierazi dugu».
Bideoklipa egiterakoan talde lana nagusitu da. Abestiaren letra osatzerakoan, bakoitzak bere zatia idatzi eta atal guztiak uztartu dituzte. Agirresaroberen esanetan, «bideoklipa Urretxuko Irimo abandonatutako lantegian grabatu genuen, segurtasun gutxiko iluntasunera elkartasunaren argia eraman genuen».
Emakundek, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako aldundiek, Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Beldur Barik proiektua tresna bat da. Tresna horren bitartez, gazteak indarkeria sexistaren aurka eragile aktibo bihurtzen ari dira. Lehiaketara aurkeztutako berrehun lanetik gorako kopuruaren atzean askoz handiagoa da lanean aritu diren gazteen zenbatekoa. Eta lanketa ere emaitza bera baino luzeagoa eta sakonagoa izan da.
Hala, jada asko eta asko dira dagoeneko printzesa beti perfektu horren irudiarekin gogaitutako emakumezkoak, eta gero eta gehiago dira inor salbatu gabe gizonezko soilak izan nahi dutenak. Aurten ere, gazteek, beldur barik, indarkeria sexistaren haziak errotik mozteko gogoa agertu dute.