Lazkaomendi aldera pasabidea eraikitzeko 6. proposamenak jaso du boto gehien
Saihesbide azpitik egitearen hiru ideia izan dira bozkatuenak
Lazkaoko herritarrek aurreko astean parte-hartze prozesuko bozketan emandako botoak atzo iluntzean kontatu zituzten, udaletxean. Zeuden zortzi aukeretatik, 6. zenbakidun proposamenak jaso ditu boto gehien, 240 papertxo. Ondoren, oso gertutik, 5. proposamena geratu da, 221 botorekin. Atzerago, 8. ideiak 155 boto jaso ditu, eta 7.ak 95. Hogeiren azpitik edo bueltan geratu dira 1 proposamena (5 boto), 2.a (9), 3.a (20) eta 4.a (16). Beste sei boto baliogabe eta zuri bat ere bazeuden.
Guztira 768 lazkaotarrek parte hartu dute Lazkaomendi aldera nolako oinezko pasabidea eraiki erabakitzeko bozketan. Botoemaile erroldaren %17 da hori (16 urtetik gorako 4.511 lazkaotarrek zuten eskubidea).
Udalak konpromisoa hartu zuen herritarrek boto bidez aukeratzen zuten proposamena garatuko zuela. Orain, proiektua xeheki lantzen hasiko dira, azterketa teknikoa eginda eta beharrezko baimenak eskatuta.
Maizpide euskaltegiaren ondoko plazatxotik barrena egingo dute pasabidea, saihesbideko errepidearen azpitik. Bozketan bigarren lekuan geratu den 5 proposamena ere oso antzekoa da. Aukeratutakoan, gaur egun dauden eskailerak kenduko dira, eta maila beretik abiatuko da pasabidea. Aurre-kalkuluaren arabera, 485.000 euroko aurrekontua izango luke.