Mari Murumendi maratoi berria egingo dute Ehunmiliak probaren barruan
Ehunmiliakeko igandean abiatuko da, goizeko 09:00etan
Datorren urteko Ehunmiliak eta Goierriko 2 Handiak probekin batera, hirugarren proba berri bat egingo dute datorren urtean: Mari Murumendi Marathon maratoia. Loinazko San Martin plazatik abiatu eta Usurbe, Murumendi, Pagorriaga, Mariren kobazulo ondotik pasa eta Mandubi, Kizkitza, Atxurtza, Izazpi, Ezkio-Itsaso, Kitzkitza, Arriaran, Usurbe eta atzera plazara itzuliko dira lasterkariak. Beasain eta inguruetako mendiak izango dira maratoiak zeharkatuko dituenak, ibilbidearen 42 kilometroetan, 2.300 metroko altuera alde gehituarekin. Ehunmiliaken asteburuko igandean, uztailaren 12an, 09:00etan abiatuko da maratoia Beasaindik eta gehienez zortzi ordu izango dituzte ibilbidea egiteko.
Andoni Zubeldiak Igartzan egindako aurkezpenean azaldu duenez “iazko zenbait berrikuntza errepikatu behar zirela ikusi genuen: geolokalizatzaileak erabiltzea, plazako pantailan kontrol guneetako irudiak jartzea eta komunikazio mailan egindako lana. Baina, horrez gain, hirugarren lasterketa bat egitea erabaki dugu”.
Mari Murumendi Marathonean izena emateko epea ostegun honetan irekiko dute, 18:00etan. eta, gainerako lasterketeretarako bezala, ekainaren 4a artean eman ahal izango da izena Ehunmiliaken webgunean. Maratoi berriaren izena Mari pertsonaia mitologikoaren, ibilbidea pasatzen den Beasaingo Murumendi mendiagatik eta Marathon ingelesezko hitzek osatzen dute. «Hitz joko berezia eta zaila da, baina horrek ere erakargarri egiten du», diote antolatzaileek.
Webgune berritua
Gaurko aurkezpenean, datorren urteko Ehunmiliaken webgune berria ere aurkeztu dute. Bikoa enpresa arduratu da webgune berria egiteaz, eta prentsaurrekoan izan zen Alberto Mellanek azaldu zuen webgunea “erraza, argia, azkarra eta intuitiboa” dela. Mugikorretarako ere egokituta dago, gainera.