Arbitraje bartzordeak auziaz zer erabakiko zain daude; kooperatiba izan arren sorreratik ordezkaritza sindikala izatea erabaki zutela dio LABek, hainbat urtez izan du ELAk gehiengoa
Haserre, pentsaurrera atera ziren atzo arratsaldean Ordiziako Jakintza Ikastolako LABeko ordezkariak. Izan ere, udazkenean hauteskunde sindikalak egiteko izapideei hasiera eman dietean, ELA sindikatuak hauteskunde-mahaia inpugnatu egin du. Harridura eta ezinegona sortu du gertakariak irakasle eta zentroko gurasoen artean.
Ikastola kooperatiba gisa egituratu zenetik, 18 urtez, ordezkaritza sindikala izan dute bertako langileek. Hauteskunde guztietan, gainera, ELA izan da gehiengoa lortu duena; azkenengoetan izan ezik, orduan LABek irabazi baitzuen. Aurtengoan ELAk ez du zerrendarik aurkeztu eta jarraian inpugnazioa iritsi da.
“Sindikatu bat ahaleginak egiten langileok ordezkaririk ez dezagun izan? Zergatik?”, galdetzen zuen atzo arratsaldean Ximon Idiakez Jakintzako LABeko ordezkariak. Kooperatiba izan arren, enpresa sortu zenean langileek ordezkaritza sindikala izatea adostu zutela azaldu zuen Idiakezek: “Urte luze hauetan, beste ikastoletako langileekin batera, partaide zuzenak izan gara hitzarmena aurrera ateratzeko orduan. Enpresa eta langileen arteko paktuak ere egin ditugu inongo arazorik gabe eta administraritza jakitun izan da”.
Orain arte eramandako bidearekin “oso gustura” daudela azaldu zuen LABeko ordezkariak, eta mahaia inpugnatzeko erabakiarekin Jakintzako ELAkoak ere ez daudela ados azaldu zuen: “ELA sindikatuak gure langile guztien gainetik jarri eta inpugnatu gaitu”.
Idiakezen ustez “erantzun sinple bezain zikina” dauka gertatuak: “Aurtengoan ELAk ez du zerrendarik aurkeztu… zer egin? ELAk ez dauka ordezkaririk, beraz, LABek ere ez ditu izango. Joko zikina benetan”.
Zer gertatuko den zain. Auzia arbitraje batzorde baten eskuetan dago eta erabakiaren zain daude Jakintzan. Jakintzako LABen bozeramaileak agertutakoaren arabera lehen ere kooperatiba egituraketa argumentu gisa erabiliz izan dituzte hainbat auzi langile izaera zalantzan jarriz; baina erabakiak euren aldekoak izan dira. “Kooperatiba izan arren, enpresa sortzeko orduan erabaki genuen gu langile gisa arituko ginela, inolako irabazirik eskuratu gabe, eta gizarte segurantzara kotizatuz”. Gipuzkoako beste hainbat ikastoletan ere ELAk jarrera bera hartu duela-eta, helburua orokorrean LABen presentzia “ahultzea” dela salatu du LABek.