Lazkaon 303 lagunek eman dute odola aurten
Lazkaoko Odol Emaile Elkarteak “oso ondo” jo du aurtengo odol emate urtea. Sei ateraldi antolatu dituzte, eta denera 303 emanaldi izan dira, aldiko 50 batez beste.
“Kopuru hori oso ondo dago. Gipuzkoan gure moduko herriak maila horretara ezin iritsirik ibiltzen dira”, azaldu dute elkarteko arduradunek. Odol premia handia dagoela ohartarazi dute.
Lazkaotarrek odola emateko deialdiei “ondo” erantzuten diela aitortu dute, baina kezkak ere badituzte. “Jendeak adinarekin, 60 urte ingururekin-edo, odola emateari uzten dio, bata dela eta bestea dela. Horien erreleboa behar da, eta behar lukeen kopuruan ez datorrela ikusten dugu. Gazteak falta ditugu odol emaileen artean”.
Esker ona adierazi diete urtean zehar odola eman duten lazkaotarrei, udalari eta Errotaundiri.