Legorretan euskara indartzeko taldea eratu dute herri eragileek
Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, atzo aurkeztu zuten Legorretan Euskararen Elkargunea. Herriko eragileek eta elkarteek osatu dute, eta bakoitzetik ordezkari bana da talde bateratuko kide. Euskararen “ohiko diskurtsoak” alboratu, eta “baikortasuna” zabaldu nahi dute, hizkuntzaren erabilera, ohiturak eta komunikazio lehentasunak jartzerako orduan. Oraingoz 16 lagunek osatu dute elkargunea, baina irekita dago eragile edo elkarte gehiagorentzat.
Urtean lau bilkura egiteko konpromisoa hartu dute kideek. Hitz egindakoa eta erabakitakoa, ordezkari bakoitzak bere elkartean azalduko du, hark gauza ditzan. Aurki, 2015eko zereginak eta helburuak zehaztuko ditu taldeak. Izena ere ez da behin betikoa, eta proposamenak egin litezke. Herri ekimenetik ateratako gizarte mugimendu gisa izendatu dute dinamika.
Bestetik, Legorretako Udalak ere euskararen ordenantza onartu du. Batetik, barne funtzionamenduan “lan hizkuntza” euskara izan dadin beharrezko neurriak jarriko ditu araudiak. Bestetik, udalaren komunikazio hizkuntza, nola herritarrekin, hala egiten dituen agerraldi edo ekitaldietan, lehentasunezko gisa euskara izango da. Udalarekin harremana euskaraz nahi duten herritarrekin errolda bat osatuko du.