Urte eta erdi darama Beasaingo udaletxeko PSOEko ordezkari gisara, Alfonso Segaderekin batera
Beasaingo PSOE alderdiak aurkeztu du datorren urtean egingo diren
udal hauteskundeetako hautagaia: Santiago Urdanpileta. Beasaindarra da jaiotzez eta beti bertan bizi izandakoa. 40 urte ditu eta «gogoz eta ilusioz» hartu du PSOEko hautagaitza. Beasaingo udalean
PSOEk dituen bi ordezkarietako bat da, duela urte eta erdi Ana Cresporen lekua betetzera sartu zenetik, Alfonso Segaderekin batera. Ikasketak Beasaingo La Salle ikastetxean egin zituen eta ogibidez gidaria dela azaldu zuten asteazken arratsaldean egin zuten aurkezpenean. «Gidari on bezala, Beasain bide onetik eramaten jakingo duelakoan gaude» azaldu zuen aurkezpenera inguratu zen Iñaki Arriola PSOEko Gipuzkoako idazkari nagusiak.
Urdanpiletak eskerrak eman zizkien bere alderdikideei, aho batez bera aukeratu izanagatik eta «oposizioan egonda ere» udalean bultzatu dituzten hainbat egitasmo gogora ekarri zituen eta beste alderdi batzuekin akordioetara iristeko gaitasuna dutela azpimarratu zuen.
Proposamenak jaso nahi dituzte, programa osatzeko
Herritarren proposamenak jaso nahi dituzte orain programa osatzeko. PSOEren sedeko buzoian edo etxeetara banatuko dituzten eskuorrietan agertzen den helbidean egin ahal izango dira ekarpenak.