Scufca eta Aiarra munduko txapeldunak aurrez aurre ariko dira Olaberriko finalean
Mexikon irailean jokatu zen Munduko Txapelketan bikotea osatu zuten Emiliano Scufcak argentinarrak (Bartzelonan bizi da) eta Ruben Aiarra iruindarrak. Igandena, aurkako bikoteetan lehiatuko dira, Olaberriko I. Eliteko Pala Txapelketaren finalean. Paleta larruz modalitatean, munduko bi txapeldun jokatzen ikusteko aukera paregabea izango da, Olaberriko udal pilotalekuan.
Scufcari Eneko Martinez gasteiztarrak lagun egingo dio, eta Aiarrarekin batera lehiaketa osoko bikotekidea ariko da, Iñigo Antso iruindarra. Nafarrek aurreko igandean lortu zuten finalera sailkatzea, finalaurrekoan Tibur Etxeberria oriotar beteranoa eta David Arozena 35 eta 26 gaindituta.
Igandean 11:00etan hasiko da finalaren jaialdia. Lehenbizi, erakustaldiko partida jokatuko dute Goierriko lau palarik: Xabier Ibarguren lazkaotarra eta Imanol Olaran olaberritarra, batetik, eta Beñat Ibarguren lazkaotarra eta Zuhaitz Letamendia olaberritarra bestetik, ariko dira. Ondoren izango da final handia.