Transfeminismora salto egin aurretik, feminismoaren erroak ezagutzen
Tere Maldonado militante feministak hitzaldia egin du Urretxun feminismo erradikalaren inguruan, 'Transfeminismoruntz eraldatzen' jardunaldien barruan
Tere Maldonado: “Ondo dago feminismoaren barruan ikuspuntu edo adar ezberdinak sortzea, baina ez gaitezen adarrekin korapilatu; gure artean gutxiago eztabaidatu eta kanpora begira gehiago borroka egin beharko genuke”.Maldonadoren hitzetan, feminismoaren adar bat baino ez da feminismo erradikala deritzona. 1960ko hamarkadan sortu zen, AEBetan, eta New York Radical Women izan zen talde aitzindaria. Maldonadok azaldu duenez, testuinguru historiko hartako bi mugimenduren kontrako erantzun modura sortu zen feminismo erradikala: New Left mugimendua eta feminismo liberala. New Left mugimendua ikasleen mugimendu indartsua zen AEBetan, bakearen aldekoa, gerren aurkakoa… garaiko emakumeek, ordea, ez zuten lekurik mugimendu hartan. “Emakumeei ez zieten aurrealdean egoten uzten, eta feministek desilusio handia hartu zuten, arrazoi haien aurka borroka egiteko gogoa baitzuten, baina ez atzealdetik; ez zuten idazkari lanak egitera mugatu nahi”, esan du Maldonadok. Bestalde, garaiko feminismo liberalaren aurrean ere ez ziren gustura sentitzen. “B. Friedam zen garai hartan feminismo liberalaren aurpegia, baina hark egin zituen adierazpenek kritika gogorrak jaso zituzten”. Friedman ez zen lesbianak lehen lerroan egotearen aldekoa, feministen borroka oztopatuko zutelakoan. “Emakumeak borroka feministatik uxatuko zituztela pentsatzen zuen Friedmanek”. Testuinguru horretan sortu zen, hortaz, feminismo erradikala AEBetan, New Left mugimenduak eta feminismo liberalak sortutako desilusiotik. Hainbat planteamendu egin zituzten feminista erradikalek. Hauek dira horietako batzuk:
- Emakumeen subordinazioa ez da kapitalismoaren ondorio bat bakarrik. Kapitalismoa kenduta ere, emakumeen zapalketa ez litzateke desagertuko, hortaz, ez da nahikoa kapitalismoaren aurka egitea. Planteamendu marxistari aurre egin zieten, hortaz.
- Patriarkatuak bizitzako esparru guztiei eragiten die. Hortaz, eremu pribatua ere politikan eztabaidatu behar zela defendatzen zuten. Maldonadoren esanetan, feminista erradikalak izan ziren planteamendu hau egiten lehenak.
Transfeminismoruntz eraldatzen jardunaldien egitaraua: Gaur: 17:00. Zer da transfeminismoa?. Mahai ingurua. Santa Barbara aterpetxean. Bihar: 11:00-14:00. Ekonomia transfeminista hitzaldia. Santa Barbaran. 17:00-20:00. Sareak eta kaleko ekintzak hitzaldia. Santa Barbaran. 23:00. Furia taldearen kontzertua, Santa Barbaran.