Espezialista elebidunen koadro medikoa
Orain egun batzuk lagun batek galdetu dit ea ezagutzen dudan neuropediatraren bat, euskaraz mintzo dena, atzerapen psikomotorra duen ume batentzat, honek espezialitate horretako arreta behar baitu. Ez dakit informazio hori, euskaraz mintzo diren herrit...
Egun hauetan, liburu bat ari naiz gustura irakurtzen: El derecho a la lengua propia en el ordenamiento internacional y de la UE (Norberaren hizkuntza erabiltzeko eskubidea nazioarteko ordenamenduan eta Europako Batasunekoan). Lan serio hau Patricia Fabeiro Fidalgo irakasle eta abokatuak idatzi du.
Osakidetzak ahalegin txiki batzuk egin ditu, lehen mailako arretan berma dadin, euskal eledunak aintzat har daitezen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko 10/1982 Legetik eratorritako eskubideak bete daitezen; hala ere, artatze espezializatuko egoera, normaltzetik oso urrun dago. Gaur eta datozen urteetan ez da ikusten ospitaleetan elebitasuna hedatua egotea, Osakidetzak jarritako zirkuituetan euskaraz mintzo diren herritarrak artatuak izan daitezen, ondoen ulertzen duten edo nahi duten hizkuntzan.
Patricia Fabeiro-ren liburuan erakusten da XIX. mendean eta XX. mende erdialdea pasa arte nagusi izan zen eredua, aniztasun linguistikoa ukatzen zuena, legitimitate estatal printzipio batzuetan oinarrituta, ereduak bi izanik: alemana eta frantsesa. Honela dio eredu alemanari buruz Lamo de Espinosa-ren aipuak: «Hizkuntza bat dagoen lekuan nazio bat dago, eta nazio bat dagoen lekuan estatu bat dago edo egon behar du». Autore berak dio eredu frantsesak ezartzen duela «estatu bat dagoen lekuan nazio bat egon behar du eta nazio bat egon dadin, hizkuntza bakarra egon behar du».
Osakidetzak osasun arloa euskalduntzeko egindako hainbat planek ez dute emaitza oparorik ekarri, eta, sanitate katalanaren ispiluan begiratzen badiogu geure buruari, ziurta dezakegu ez dela espainiar estatua, hain zuzen, une honetan arazoak eragiten dituena. Zalantzarik gabe geurea da arazoa, izan ere, Espainiako Konstituzioko manamendu bera baita katalanaren eta euskararen koofizialtasuna babesten duena, autonomia bakoitzean horretarako onartu diren legeetan.
Norberaren hizkuntza erabiltzeko eskubideari buruzko liburuan aztertu egiten da Nazio Batuen sisteman aniztasun linguistikoaren gestioa nolakoa izan den, eta arreta berezia jartzen zaio honi: diskriminaziorik ezeko printzipioa izan dela arau hauen bilakaera gidatu duena, gutxiengo nazionaletako herritarren eskubide linguistikoak aitortu arte. Ondoren, Europako Kontseiluko Tratatuak eta Europako Batasunekoak dira oinarrizko eskubide hau egikaritzea babesten dutenak.
Euskaldun herritarren hizkuntza-eskubideak ezin dira gehiago atzeratu, berandutu, geroratu. Agintari sanitarioen eta gobernuaren borondate politikoa da beharrezkoa. Gaur badira nahikoa espezialista elebidun hango eta hemengo ospitaleetan barreiaturik, hori bermatu ahal izateko.
Osakidetzak eta oraingo gobernuak nahi badute, Mediku Espezialista Elebidunen Koadro bat sor dezakete, eta medikua eta ospitalea aukeratzeko askatasuna ezarri, beren hizkuntzan artatuak izan nahi duten euskal hiztunentzat. Beste zona batzuetako pazienteak artatzen dituzten medikuentzat pizgarri sistema bat jar daiteke. Agertzen dudan honek ez luke arrotz izan behar Osakidetzan, gestio tresna horiek badaude-eta, euskal osasun zerbitzuan bertan.