Pirritx, Porrotx eta Marimotots Ordizian izango dira Lapurdiko ikastolen alde
Urruñako, Ziburuko eta Goierriko ikastoletako ordezkariak bildu ziren atzo prentsa agerraldian jaialdia aurkezteko; abenduaren 27an izango da ikuskizuna
Ziburuko Kaskarotenea Ikastolan ezohiko egoera larria bizitzen ari diren unean, iritsi da Ipar Euskal Herriko ikastolen alde urtero-urtero Goierriko ikastolek antolatzen duten jaialdia. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Txo MikMak Txikia ikuskizun estreinatu berria ekarriko dute Ordiziara. Abenduaren 27an izango da jaialdia, Majori kiroldegian. Bertan, gainera, Goierriko eta Urruñako ikastoletako haurrak kantari arituko dira oholtza gainean.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten prentsaurrean jaialdiaren aurtengo edizioa Goierriko, Urruña eta Ziburuko ikastoletako ordezkariek, eta Hazia Elkarteko kideek Porrotx pailazoak lagundurik. Iparraldean euskararen egoera ez dela “batere erosoa” gogorarazi zuten agerraldian; eta bertan euskararen presentzia bermatzeko “ahalegin handia” egin beharra dagoela aldarrikatu zuten. Hego Euskal Herritik jasotako laguntza ekonomikoa “oso garrantzitsua” dela aitortu zuten Lapurdiko ordezkariek. Goierriko eta Lapurdiko ikastolek elkarrekin egindako ibilbidea “oso aberatsa” izan dela nabarmendu zuten, eta aurrera begira ere lanean jarraitzeko asmo betez agertu ziren.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bi ikuskizun eskainiko dituzte abenduaren 27an; lehenbizikoa 16:00etan, eta 18:30ean bestea. Hala, bertara joateko aldez aurretik sarrerak hilaren 17an jarriko dira salagai Goierriko hainbat txokotan; bestela, egunean bertan izango da Majorin erosteko aukera.
Sarrerak eskuratzeko:
Ordizian Jakintza Ikastolaren Villa Eugeniako egoitzan eta Majori Kiroldegian 17an eta 18an 17:00etatik 19:00etara.
Lazkaon Gerriko liburu dendan.
Beasainen Andramendi Ikastolan eta Antzizar tabernan.
Seguran Elorripe tabernan.
Itsasondon Kaxintane tabernan.
Zaldibian Joxepane tabernan.
Idiazabalen Izpar dendan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.