Giza humeroak 164.000 urte badituela ebatzi du uranio serieen bidezko datazioak. Euskal Herrian aurkitutako giza hezurrik zaharrena da
Joxe Migel Barandiaranen ezin konta ahala pasadizo, pasarte biografiko, argitalpen eta ikerketa-ekintzak zorioneko dira, beste behin. Aurten 125 urte beteko dira (abenduaren 31n) antropologo ospetsua Perune Zahar baserrian jaio zela. Haren lehen euskarazko liburua (Euskalerriko leen-gizona) argitaratu zela 80 urte bete dira. Eta Lezetxikiko koban (Arrasate, Gipuzkoa) indusketa antologiko batean historiara igaro den pieza baliotsu bat aurkitu zuela 50 urte dira.
1964an, Joxe Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak Lezetxikin aurkitu zuten giza humeroa datatu dute, orain. Uranio serieen bidezko datazioa egin diote, eta 164.000 urte badituela dio ikerketak. Uste baino zaharragoa. Neandertal gizakia bera baino lehenagokoa. Erdi Pleistozenokoa litzateke hezur hori, eta Atapuercako induslekuan, Sima de los Huesos aztarnategi aberatseko geruza antzinakoenetara hurbiltzen da. Euskal Herrian oraindaino aurkitu den giza hezur zaharrena da.
Jesus Altuna eta Joxe Migel Barandiaran Lezetxikin, 1967ko indusketa-kanpainan./Hitza
Urte asko itxaron dute humero hori (besondoko hezurra) datatzeko, Jesus Altunak atzo esan zuenez teknologia egokiena aurkitzen aritu direlako. Orain, hezurraren DNA aztertuko dute.
Barandiaranek hiru eguneroko eramaten zituen: bat pertsonala, beste zientzia-lanei buruzkoa, eta hirugarrena indusketa jakinetan irekitzen zuena. Honela idatzi zuen 1964ko abuztuaren 20ko aurkikuntza haren erreferentzia (hika idazten zuen, bere buruarentzat zen eta):
20n eguna. Arratsaldean Donosti’ra Intxausti’tar Jokinen alaba batayatzera. Bitartean Lezetxiki’n nere lagunak gizaezur bat aurkittu die, Moustier arokoa edo lenagokoa.
Lezetxikiko koban (Arrasate, Gipuzkoa) industaileak lanean./San Telmo Museoa