ELA-k salatu du ikastoletako hauteskundeetan LAB 'iruzurretan' dabilela
LAB bere ordezkaritza "gizendu" nahian dabilela dio ELAk
ELA sindikatuak “erabateko harriduraz eta haserrez” jaso du pasa den astean Ordiziako Jakintza Ikastolako LABek, Goierriko LABen babesarekin, emandako prentsaurrekoa. ELAk ikastolako hauteskunde-mahaia inpugnatu izana salatu zuen LABek. Orain arte ELAk hauteskundeak irabazi izan ditu Jakintzan, azkenekoetan izan ezik.
ELAk dio kezka handiz hartu dutela “sekula hauteskunde sindikalik egin ez den lan-bazkidez osaturiko ikastoletan hauteskundeak abian jarri izana, lan bazkideak zerrendan sartuz.” Gainera, orain arte hauteskunde sindikalak egin diren ikastoletan inolako hausnarketarik egin ez izana ere “larria” iruditzen zaio ELAri.
Goierriko HITZAra bidalitako ohar baten bidez, ELAk dio 4/1993 Kooperatiba Legearen baitan kooperatibetako lan-bazkide direnek bere ordezkaritza eta parte-hartze organo propioak dituztela, Errektore Kontseilua eta Gizarte Kontseilua, besteak beste. Era berean, lan-bazkide ez diren langileek legez ordezkartu, parte hartu eta bere interesak defendatzeko organo propioak dituztela diote, hauteskunde sindikaletan hautatzen diren langileen ohiko ordezkaritza edo langile batzordeak, hain zuzen ere.
Abiapuntu horrekin, ELAk dio ezin dutela onartu “ikastoletako langileen kooperatibiziazio prozesua ematen ari den heinean, LABek bere ordezkaritza mantendu edo gizendu nahi izatea”. Legearen aurkakoa izateaz gain, lan-bazkideek kooperatiban parte hartze eta ordezkaritzarako dituzten berezko organoak desitxuratzea edo indargabetzea dakarrela diote. “Are larriago, lan-bazkide ez diren langileek parte hartu, ordezkatu eta bere eskubide eta interesak defendatzeko duten organo bakarra lan-bazkideen baitan baldintzatzen du”.
Gauzak horrela, ELAk azaldu du “harrigarria eta onartezina” iruditzen zaiola LAB publikoki atera izana, ELAren aurka joz, “joko zikina” egotziz eta ELAk langileek ordezkaritzarik ez izatea nahi dutela aurpegiratuz.

“Murrizketak babestu ditu LABek” Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko ikastolen federazioak biltzen dituten Partaide kooperatibaren aurka ere jo du ELAk ohar berean. Hain justu ere, ELAk dio 2010etik ikastoletan murrizketak inposatu direnetik Partaidek murrizketei babesa emateko “laguntza” LABengan eta sindikatu honek ikastoletan duen ordezkaritzan bilatu duela. “Hau egiteko ELArekiko bazterketa eta jazarpen jarrera izan dute. Duela hilabete gutxi irten da Partaide eta LAB zigortzen dituen Auzitegi Nagusiaren epaia, ELArekiko Askatasun Sindikala eta Negoziazio Kolektibo Eskubidea urratu dutelako”.
Erlazionatutako edukiaELA sindikatuak Jakintza Ikastolako hauteskunde mahaia inpugnatu du