Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez Lazkaon izan dira, euskal musikaren transmisioa ikasleei helarazten
Euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena helburu dituen Baga, Biga, Higa proiektua martxan da. Abeslari ospetsuen bidez, genero musikal hori zer den eta zertan den zabaldu nahi ditu. Geroko belaunaldiei helarazteko engranaia lanetan, Eñaut Elorrieta bizkaitarra eta Mikel Markez gipuzkoarra Lazkaoko Areria kulturgunean izan ziren, atzo, transmisio lanetan.
San Benito ikastolako Lehen Hezkuntzako 3. zikloko eta DBHko eta Maizpide euskaltegiko ikasleak izan zituzten publiko bi abeslariek. Hitzaldia egin zuten, baina “multimedia formatuan”. Gitarra bana hartu, eta kantuan ere jardun ziren. Euskal musikaren historiaren errepasoa egin zuten, abestien eta kantautoreen erreferentziak emanez, 1960ko hamarkadaren aurreko egoeratik gaur egunera artekoa.
Euskararen Egunaren inguruan prestatu du Lazkaoko Udalak ekitaldia, bi ikastetxeetako ikasleentzat. “Euskararen Eguna abenduaren 3an ospatu zen, baina orduan behin eta berriro zabaldu zen mezua Euskaraz 365 egun izan zen, eta lelo hori kontuan hartuta, ekitaldi berezia antolatu dugu”, diote antolatzaileek.