Abenduko ferietan berezkoa izaten da eguberri giroa, baina egunak gerturatu ahala, gero eta gehiago antzematen da. Apaingarriez gain, arkumearen garaia ere hasia da, eta lehen prezioak finkatu dituzte dagoeneko.
Gabonetako pinua edo izeia atzo, Lasaren postuan
Gabonetan etxeak apaintzeko oihurak aldatzen ari dira, eta mota askotako apaingarriak ikusten dira, bai erakuslehioetan eta baita salgai ere. Garai batean jaun eta jabe zen izei edo pinuak ez du halako arrakastarik gaur egun; aldiz, gero eta lore aukera handiagoa dago. Salduenen artean dago ‘pazko lorea’ izenez ezaguna egin den Poinsetia (4,50 eta 7,50 euro artean); hostaje gorrixka izaten du erdi aldean, baina orain arrosa eta zuri kolorekoak ere (8,50) salgai dira. Zaldibiko Azanza lorezalearen hitzetan, «azken hauek fuertegoak dira eta iraupen luzeagoa dute». Jazinto arraboilak ere badira, laster loratzeko prest; koloretan aukera zabala dago (4 euroan bakoitza).
Izeietan bi mota dira nagusi: gorria eta normandiarra. Biak ere Lasaren postuan ikusi ditugu salgai, 20 eta 30 euro artean. «Normandiakoa garestiagoa da, baina ukitzeko goxoagoa da eta hobeto saltzen da, garestiagoa izan arren».
Fruituen artean aipagarri sagar mota berri bat: redwinter edo neguko sagar gorria, Idiazabalgo Kalbariokoa. Mizpira eder askoak ere ikusten dira; «aurten da bere urtea» Orendaingo Pepita Aiestaranek esan duenez.
Mikologia atalari dagokionez, hemengo kilo eta erdi onddo eta kilo bat esnegorri aukeran; kanpotik inguratutakoen artean, berriz, zizahoria, saltsa perretxiku beltza eta mendiko angulak daude salgai. Laster azaldu daitezkeen lehen udaberriko zizen esperantzan ere bada zaletuen artean.
Arkume garaia bete-betan
Artzain gehienek esku bete lan dabilkiten garaian gaude: arkumeen jaiotza, kozkortutakoen salmenta… eta jetzi eta gazta egiten ere hasiak dira. Garai baten arkumeak saltzera Ordiziara propio ekartzen bazituzten ere, orain askok etxetik zuzenean saltzen dituzte. Prezioak enkante bidez aurrez finkatuak izaten dituzte. Lurgintzatik emandako informazioaren berri emango dugu hemendik aurrera. Aste honetan 4,70 euroan (+%10eko BEZa) izan dira salgai.
Udazkeneko fruituak
12 hilabete, 12 produktu egitasmoaren barruan, Zeraingo Ostatuko Urki Balerdi sukaldariaren txanda izan da aste honetan. Lehengai moduan, udazkeneko fruituak hartu eta, gaztain krema apartsua, intxaur saltsa edota mizpira dultzez betetako ijito besoa egin zituen. Eguerdirako probatzera emateko moduan zituen denak.