Lazkaoko herriak lotura estua ondu du joan direneko 20 bat urteetan, Ruandako Gihara eskualdearekin. Hango eskolarekin harreman zuzena du Rwanda Elkarteak, misiolarien bidez. Lotura hori San Benito ikastolara hedatu da aspaldian. Bi erakundeek elkarlanean, herriko beste elkarte eta eragile batzuen laguntzarekin, XVI. Elkartasun Jardunaldiak egingo dituzte, gaur hasi eta abenduaren 19ra arte.
Batetik, kultur etxeko erakusketa aretoan, Rwanda Elkarteak bidezko merkataritzako produktuen salmenta egingo du. Munduko hainbat herrialde azpigaratutako jakiak erosi ahalko dira. Beasaingo Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundearen bidez, ekoizleengana zuzenean bideratuko dute dirua.
Areto berean, Josu Altzelai argazkilari legazpiarraren erakusketa jarri dute. Afrikako begiradak izenburua eman dio, eta 2009an Malin, Afrika beltzean eta Niger ibaiaren arroan ateratako 30 bat erretratu jarri ditu. Asko, aurpegien lehen planoko erretratuak dira. Gaur (osteguna) 19:00etan irekiko dute erakusketa, Altzelai egilea bertan dela.
San Benito ikastolak, bere aldetik, urteko Elkartasun Jaialdia bihar (ostirala) egingo du, 18:00etan, Areria antzokian. Aurrez, 17:30ean, HH5ekoen ikuskizuna izango da. Tokiak kontatuak direnez, aretoko txarteldegian banatuko dituzte sarrerak, ikasle bakoitzaren ahaideentzat bat edo bi, kopuruaren arabera.
Bestetik, eta bihartik igandera egingo den 26. Euskal Liburu eta Diskoen Azokarekin bat eginez, plazako estalpean jostailuen salmenta solidarioa garatuko dute. Bigarren eskuko jokoak, jolasak eta ipuinak erosi ahalko dira. Bildutako dirua Giharara bidaliko dute.
Josu Altzelai argazkilari legazpiarraren argazki bat, ‘Afrikako begiradak’ bildumakoa./Josu Altzelai