Egia, justizia eta ordaina edo erreparazioa. Horiek izan ziren atzo Ordizian 36ko gerraren eta frankismoaren bikatima izan zirenentzat aldarrikatu zituzten eskubideak. Frankismoak hamarkada luzez isilik gorde nahi izan dituen pasarterik eta oroitzapenik gordinenak argitara atzera dituzte Ordizian;
Ahaztuen mindura. 1936ko gerra eta lehen frankismoa Ordizian liburua aurkeztu zuten atzo.
Orain hiru urte osatu zuten
Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzen taldea herri ekimenez. Elkarrizketa ugari egin dituzte fusilatuen senitartekoekin; gudariekin nahiz haien senitartekoekin; bando nazionalean behartuta mobilizatu zituztenekin; frankismoa baino lehen demokratikoki aukeratu zituzten kargu politikoen senitartekoekin; espetxean edo langile bataloietan egon zirenekin; nahiz haurrak zirela erbestera eraman zituztenekin. Artxibategietako dokumentazio aztertzen ere lan sakona egin dute. Jasotako guztia bildu dute liburu honetan.
Herritarrak izan dituzte lanaren abiapuntu, eta protagonista ere bai. Atzo, taldeko kideekin batera euren testigantza eman duten hamabost bat lagun bildu ziren udaletxeko batzar aretoan egin zuten ekitaldian. Liburuan jaso diren pasarteetako batzuk kontatu zituzten jendaurrean. Oroitzapenak berriro ahotara ekartzeak sufrimendu haietara itzultzea ekarri die bati baino gehiagori, baina eskertu egin dute gertakariak jasotzeko egindako lana,
jasandako mina aitortu izana.
Pantxike Agirre taldeko kideak azaldu zuen elkarrizketak “hunkigarriak” izan direla; “oroitzapenak gogoraraztea mingarria izan da askorentzat, baina aringarri ere bai”. “Beldurra” behin eta berriz agertu da testigantzetan, baina lotsarik ez. Oilo ipurdia jartzeko moduko isiluneak izan dira elkarrizketetan, hitzez azaltzeko zailak ziren arren, esanahiez beteak.
Beñat Garmendiak eman zituen bestalde udal artxibo eta erregistroetatik ateratako datuak. Ordizian, kontrakoa uste izan bada ere, altxamendu faxistari aurre egin zitzaiola kontatu zuen Garmendiak. Asko izan ziren baita ere frontera borrokara joan zirenak; frontearen atzetik Donostiara eta itsasertzetik Bilbora iritsi zirenak; Habana itsasontzi ezagunean erbestera jo behar izan zutenak.
Erbesteratuen itzulera “gogorra” ere gogorarazi zuten: humilazioak, irainak, kontrolak, errepresioa… Julen Agirrek nabarmendu zuen gerrak aurrera egin ahal nola joan zen instituzionalizatzen errepresioa. Edonola ere, zer espero duten edo zer eskatzen duten galdetuta, elkarrizketetan zigor edo mendeku goserik ez da agertu, baina bai egia ezagutzeko nahia. Egia ezagutu, berriz horrelakorik gerta ez dadin. Pako Etxeberria forenseak berak dio liburuko hitzaurrean zein lan pedagogikoa dagoen egiteko, egia ezagutu eta gerora horrelakorik errepika ez dadin oinarriak finkatzeko.
Udalaren aitortza
Herri ekimenez oroimen historikoa berreskuratzeko eta zabaltzeko egindako lanaren ondoren, Ordiziako Udalak aitortza instituzionala egin nahi izan zien gerraren eta haren ondorena euren azalean sufritu zutenei nahiz haien senideei. Igor Eguren alkateak hartu zuen hitza ekitaldian, iraganik gabeko etorkizunik ez dagoelako, jasotakoa zabaltzea funtsezko jo zuen. “Eskerrik asko saminetik, oroimenetik, hura guztia gogora ekarriz mina sufritu arren, testigantza hunkigarriak helarazi dizkiguzuenoi. Zubi latz hori pasata, zuen senitartekoen izena berrekuratzen laguntzeagati. Eta eskerrik asko, bereziki, zuen semea, aita, osaba, aitona, anaia galdu arren, aurrera egin zenuten ama, alaba, arreba, izeba, amona eta gainerako senitartekoei. Zuen indarrari esker, zuen ausardiari esker, zuen borrokarako gogoari esker, errepide bazterretan udaberria ernalduko delako”.
Bizikidetza eredu berria eta giza eskubide sozial eta politikoen aldarria gizartearen eskari behinena bilakatu dela aitortu zuen Egurenek, eta ahalegin hori gauzatzen erakundeetan zeresan handia dutela. Ordiziarrak edo Ordizian bizi ziren 21 fusilatuen izenak irakurtzearekin batera; ekitaldian parte hartu zuten lekukoei udaleko harrera liburuan sinatzeko ohorea eskaini zien alkateak.
Elkarrizketak, fikziozko antzezpenak eta garaiko argazkiak, dokumentalean
Egia ezagutu eta ezagutzera emateko asmoarekin egindako elkarrizketa horietan oinarrituta
Uda minean negua dokumentala editatu dute. Patxi Zubizarreta idazleak prestatutako gidoian oinarrituta, elkarrizketak, fikziozko antzezpenak eta garaiko argazkiak bildu dituzte ikus-entzunezkoan. Larunbatean aurkeztuko dute Herri Antzokian 18:00etan.
Altxamendu faxista, gerra eta errepresio frankista jasan zituztenak omentzeko, azkenik, haien duintasuna gaur egunera eta herriko kaleetara ekartzeko, oroigarri bat jarriko dute. Larunbat iluntzean egingo dute ekitaldia, 19:30ak inguruan. Asier Mendizabal artista ordiziarrak egindako eskultura jarriko dute Nikolas Lekuona plazan.