Izaki misteriotsuak lagun, bisita berezia antolatu zuten Barandiaran Museoak eta Lizarrustiko Parketxeak Joxemiel Barandiaranek hain ondo ezagutzen zuen Allekupeko pagadian barrena.
Haitzaren gorenetik gainontzeko jentilak ohartarazi zituen adarra joz; kaletar talde ezezaguna basora inguratzen ari zen. Urduri zebiltzan Allekupeko jentilak, asaldatuta. Kixmiren jaiotzarekin erraldoi indartsuen akabera zetorren.
Jentilen amaiera eta Kixmiren sorrera kontakizun mitologikoetan jasoa dagoen gisan azaldu eta antzeztu zuten Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideek igandean. Oraingoan, eszenatokia ere berezia aukeratu zuten, magikoa. Lizarrustitik abiatuta, Allekupeko pagadi ederrean barrena mendi ibilaldia eginez ezagutu zituzten bisitariek kontakizun zaharrak.
Han zebilen Mateo Txistu, nekatu ezinezkoa, erbiaren atzetik ehizatuko ote zuen. Martintxikik paraje ederrak erakutsi zituen. Torto edo Tartalo, berriz, hagin zaharraren azpian eserita aurkitu zuten, burumakur. Jentilen amaiera zetorrela eta, susmo txarra hartuta zegoen. Zorigaiztoaren berri ematera zihoala beheko kaleetara bidean egin zuten topo, berriz, Olentzerorekin.
“Haur eta helduen ilusio aurpegiak” ikusita, ezin gusturago gelditu dira Barandiaran Museoko eta Lizarrustiko Parketxeko kideak. Edonola ere, Aralar eta Ataungo ondare natural eta kulturalaren hedapenean, 2015ean ekintza gehiago egingo dituztela aurreratu dute. Era berean, abenduaren 18, 19 eta 20an izango da Joxemiel Barandiaranen inguruko Hamaika objektu erakusketa ikusteko aukera Barandiaran Museoan.
[nggallery ID=70]