Garraio publikorako hilean gehienez 25 euroko tarifa proposatu du PSE-EEk
Lurraldebusen eta Renferen erabiltzaileentzat izango litzateke. Hortik gora gastatzen den dirua itzuliko luke alderdi sozialistaren planak. Renfe 'Mugi' txartelean sartzeko eskatu du2015eko udal eta foru hauteskundeei begira, garraio publikoari buruzko...
Lurraldebusen eta Renferen erabiltzaileentzat izango litzateke. Hortik gora gastatzen den dirua itzuliko luke alderdi sozialistaren planak. Renfe ‘Mugi’ txartelean sartzeko eskatu du
2015eko udal eta foru hauteskundeei begira, garraio publikoari buruzko proposamena plazaratu du PSE-EE alderdiak. Erabiltzaileek hilean gehienez 25 euro ordainduko luketen sistema aurkeztu du, Lazkaon. Lurraldebus elkargoko autobusak eta Renferen aldiriko trenak sartu ditu proposamen horretan.Tarifa lau horrekin, AP-8 eta AP-1 autopisten erabiltzaileek «gehienez» ordaintzen duten 25 euroko hileko prezioa hartu dute aintzat. «Horrela garraio publikoa gehiago erabiliko litzateke, mugikortasun jasangarria lortzeko funtsezkoa dena», azaldu du Gipuzkoako PSE-EEren exekutibako Garraio idazkari Mikel Diezek, Lazkaoko Herriko Etxean burututako agerraldian.
Herri arteko eta eskualde batetik besterako garraio publikoan «benetako apustua» egin beharra dago, «mugimenduen %80 esparru horietakoak direlako». Gaur egun auto pribatua lehenesten da bidaia horietarako.
Hileko 25 euroko tarifa Mugi txartela daukatenei aplikatuko litzaieke, PSEren asmoa gauzatuz gero. Kopuru horretatik gora gastatuz gero, diru hori itzuli egingo litzaieke. «Onuradun handienak langileak eta ikasleak lirateke. Egunero Beasaindik Donostiara joan-etorria egiten duen batek, inolako deskonturik gabe, 180 euro gastatuko lituzke hilean, eta Mugi txartelarekin 89,2 eurora gutxitzen da».
Renfe ere sartu beharra
Renferen aldirikoak dira Goierritik irteteko modu erabiliena, baina enpresa hori ez dago Mugi-n, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari sar dadin lan egiteko eskatu dio Diezek. Bilduren aldundiko mugikortasun politika ez dela aurrerakoia izan kritikatu du.
Ildo horretan, garraio publikoa erabiltzen dutenen kuota azken bost urtean %5,5etik 4ra jaitsi dela gaineratu du PSEk.