Pakito Mujika ordiziar presoari espetxealdia murrizteko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina, fiskalak helegitea jarri dio neurriari Prozedura Kriminalaren Legea urratzen duelakoan.
Frantzian betetako gartzela urteak kontuan hartu eta Espainiako zigorrari kentzea agintzen duen
Europako zuzentarauaren aurrean, irizpideak bateratu beharko dituzte epaile espainiarrek. Kepa Pikabea presoaren auzia mahai gainean dutela, gaur erabakiko du
Auzitegi Gorenak zigorraren kontaketa nola interpretatu behar den.
Auzia eztabaida ugari sortzen ari da epaileen artean. Europak 2008an jarri zuen indarrean bere eremuko herrialdeetan arrazoi beragatik zigorrak errepika ez zitezen. Hala,
Auzitegi Nazionalaeko epaileek zatituta erantzun zioten arauari. Lehen Sekzioak Carmen Gisasola presoaren askatasuna agindu zuen arazoaren 24an, Frantzian betetako 10 urtean aintzat hartu ondoren. Astebete geroago aske geratu ziren Santi Arrospide eta Alberto Plazaola arrazoi beragatik. Arrospide eta Plazaolarekin batera agindu zuen Auzitegi Nazionalak
Pakito Mujika ordiziar presoari ere Frantzian betetako urteak aintzat hartzeko. Auzitegi Nazionaleko Bigarren Sekzioak, ordea, Iñaki Bilbao presoaren auziaren aurrean ez zuen Europar Batasuneko zuzentaraua onartu.
Europako zuzentaraua indarrean sartzeko legedirik garatu gabe zuen Espainiako Legebiltzarrak hamarnaka presok zigorrak batzeko eskaria egin zutenean. Abenduaren 5ean sartu dute indarrean, ordea,
Lege Organiko berria. Horren arabera, zuzentarauak ez die eragingo 2010eko abuztuaren 15a baino lehenago jarritako zigorrei. Zigorrak batzea eskatu duten 60 presoen Frantziako zigorrak lehenagokoak dira.
Hainbat hedabideek zabaldu dutenez,
Auzitegi Goreneko epaileek ere iritzi kontrajarriak dituzte. Beraz, gaur erabakiko dute Espainiako Legebiltzarrak onartu berri duen legearen arabera jokatu edo europar zuzentarauak agintzen duena bete. Kepa Pikabea presoaren auziaz ebazten dutenarekin finkatuko dituzte oinarriak.
Azaroaren amaieran agindu zuen Auzitegi Nazionalak Pakito Mujika Ordiziako presoari aintzat hartzea Frantzian betea zuen zigorra, beste hiru presorekin batera. Mujikak hamar urteko zigorra bete zuen Frantzian, baina luditzeei esker lehenago irten zen. Hala, Auzitegi Nazionalak zigorra zazpi urte eta hamar hilabetez murriztea agindu zuen, baina, Mujikaren abokatuak hamar urteak osorik kentzeko eskaera egin zuen, kasu horretan berehala libre geratuko litzateke. Edonola ere, fiskalak helegitea jarri ondoren Auzitegi Gorenak ebatziko du auziaz. Zuzentaraua Europak agindu bezala betez gero, hainbaten irteera eguna azkartuko du ebazpen honek. EPPK-ko 60 presok egina dute zigorrak batzeko eskaria. Tartean daude Mikel Otegi, Idoia Mendizabal, Rufino Arriaga, Xabier Zabalo, Ainhoa Barbarin eta Ismael Berasategi ordiziarra.
Erabakia “aurkakoa” izango ote den beldur dela agertu du Hasier Arraiz Sortuko presidenteak gaur goizean. Gainera, azaldu du “Auzitegi Goreneko epaileren batek Gobernuaren injerentziak” ere salatu dituela, izan dituzten presioen ondorioz. “Sortu duten monstruoa ari da oztopatzen orain blegeak aplikatzea”, esan du. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak, bestalde, Espainiak Europako zuzentaraua lehenetsi behar lukeela azaldu du Radio Euskadin.