Idiazabalgo Ampo kooperatiban izan dira gaur Eusko Jaurlaritzako, Aldundiko eta beste hainbat instituziotako ordezkariak, 50. urteurrenaren harira. Tartean ziren Iñigo Urkullu lehendakaria eta Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. Sormenaren Etxera eta galdategietara egin dute bisita, kooperatibaren historiaren, gaurko jardueraren eta etorkizuneko asmoen berri izateko.
Urkulluk zoriondu egin du Ampo, eta “euskal ekonomiaren erreferente” dela esan du. Besteak beste, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du aurrera egiteko, eta Eusko Jaurlaritzaren helburua kooperatibei laguntzea eta berrikuntzan inbertsioa egitea dela esan du. Mezu bat ere utzi du Sormenaren Etxeko horma batean idatzita: “Ampo sormenetik berrikuntza, munduan hedatuz Euskal Herrian ondo egindakoa”.
Urkulluren mezua
Garitanok, berriz, Amporen antolaketa eredua goraipatu du: “langileen parte hartzeak lorpen handiak ekartzen dituela erakutsi du Ampok». Hala, aginte hutsezko egitura bertikalak atzean utzi eta antolaketa ereduak berritzea ezinbestekotzat jo du. «Ampok ulertu du pertsonek izan behar dutela enpresa baten ardatza».
Jon Agirre Ampo kooperatibako presidenteak ere hartu du hitza gaurko ekitaldian. Amporen sorreraz eta ordutik izan duen hazkuntzaz harro agertu da Agirre, baina orain etorkizunari begiratzeko garaia dela esan du. “Gizarte hobea eta enpresa lehiakorragoak egitea da gure helburua”, adierazi du. Lanpostuak sortzen jarraitzeko asmoa azaldu du Agirrek. Bestalde, nazioartera zabaldu arren, bertakoari garrantzia ematen jarraitzen dutela nabarmendu du.
Ekitaldian izan dira, era berean, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Ioritz Imaz Idiazabalgo alkatea eta beste hainbat instituziotako ordezkariak.
[nggallery ID=72]
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.